Udalak eta Papel Aralar enpresak hirigintza hitzarmena adostu dute

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 2a, 09:34
Argazkia: Aralar

Paper fabrikak azpiegiturak handitzeko aukera izango du, eta ordainetan udalak Zumadi eskolaren jabetza jasoko du

Aurreko ostegunean egindako udalbatzarrean Amezketako Udalak bi erabaki «oso garrantzitsu» hartu ditu herriarentzat: batetik, udalak eta Papel Aralar enpresaren artean adostutako hirigintza hitzarmena onartzea, eta bestetik, Amezketako paper fabrikaren eremurako arau ordezkatzaileen aldaketari hasierako onarpena ematea.

Hirigintza hitzarmenari dagokionez, esan behar da, aurrekari gisa, 2014an Papel Aralar SAk azpiegiturak handitzearen asmoa adierazi ziola Amezketako Udalari. Proiektu berri hark ordura arteko eraikigarritasunaren agortzea zekarren eta, beraz, indarrean zegoen udal hirigintza araudia aldatu beharra zegoen. Oraingoan, adostu den hirigintza hitzarmenak Amezketako arau ordezkatzaileen aldaketaren ahalbideratzea onartzera dator.

Amezketako Udaletik hirigintza gai hauen inguruko azalpena eman dute: «Udal batek, bere hirigintza araudiaren bitartez, udalerrian eraikitzeko ahalmena arautzen du, banakako edo enpresa batek zein ezaugarriekin eraiki dezakeen zehaztuz eta mugatuz. Banakako edo enpresa batek eraikitzeko ahalmen hori gauzatzen duenean, hortik irabaziak lortu ohi ditu, aprobetxamenduak deritzona, alegia, eta legeak dio irabazi horien %15a udalari eman behar diola».

Esan bezala, paper fabrikaren beharrei erantzuteko udalak hirigintza hitzarmena adostu du paper fabrikarekin eta arau ordezkatzaileen aldaketari ekin dio. Aprobetxamendu horien ordainetan Amezketako Udalak Zumadi eskolaren jabetza jasoko du. Orain arte Aralar paper fabrikarena izan da eremu hori, 1977 urteaz geroztik, hasieran udalari eta gero Eusko Jaurlaritzari utzita izan arren. Udalak 50.000 euro ere jasoko ditu paper fabrikatik aprobetxamendu horien osagarri.

«BI ALDEENTZAKO ONA»

Paper fabrikaren eremurako arau ordezkatzaileen aldaketari dagokionez, hiru alderdi aipa daitezke: lehena, etorkizunean beharko diren 9.200 m2ko eraikigarritasuna onartzen dela; bigarrena, eremuaren mugak birdoitzen direla, lantegiaren mendebaldera dagoen mendi magaleko fabrikaren lurretara batik bat; eta hirugarrena, eremuaren xehetasunezko ordenazioa eguneratzen dela. Hiru alderdi horiek «ingurumen eta paisaia irizpide eta eskakizun zorrotzak betez» garatuko dira, udaletik azaldu dutenez.

Iñaki Amundarain Amezketako alkateak akordio horien balantzea egin du: «Ozenki esan behar da Amezketako Udala eta Aralar paper fabrikaren artean lortutako adostasuna bi aldeentzat ona eta egokia dela. Batetik Amezketako herriak eskolaren jabetza bereganatzen du, eta udalak erantzukizuna eta konpromisoa hartzen du, ahal duen neurrian eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, bertan egin beharreko hobekuntzak bultzatzeko. Bestetik, paper fabrikak aprobetxamenduengatik legez ordaindu beharrekoak diruz egin beharra arintzen zaio eta akordioa bere onurarako ere badela ulertzen da».

Amundarainek gaineratu duenez, «badakit hirigintza gaiak oso teknikoak direla, baina amezketarrei esan nahi diet udaletxeko ateak zabalik daudela gai zehatz honetan edo beste edozein gaietan behar diren azalpen edo argibide guztiak emateko, eta herritarrak horretara animatzen ditut».Bide batez, alkateak Aralar paper fabrikari eskerrak eman dizkio «Amezketako herriaren izenean, Zumadi eskolaren sostenguan hainbat urtetan zehar egin dituen ekarpen eskuzabalengatik. Bestalde, udalak paper fabrikarekin elkarlanean eta elkarri laguntzen jarraitu nahi duela azaldu nahi dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!