Amezketan, mendi egarriz

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 20a, 10:45

Ainitze Labaien, Jone Tolosa eta Inexa Maritxalar, Senda Camile ibilbidean.

Amezketako Mendi Astea antolatu du Buruntzunzin elkarteak; astelehenean emango diote hasiera.

Beste urte batez antolatu du Buruntzunzin Mendi Elkarteak Amezketako Mendi Astea. Astelehenean ekingo diote eta astean zehar lau emanaldi-solasaldi izango dira. Ekitaldiak hurrengo larunbatean bukatuko dira, Paxakako I. Herri Txapelketaren finalekin. Ainitze Labaien Buruntzunzin elkarteko kideak azaldu duenez, «saiatu gara hainbat gai jorratzen eta ikuspegi ezberdinetakoak, eta baita parekidea izaten ere».

Joseba Iztueta gabiriarrarekin ekingo diote Mendi Asteari. Bolivian egindako espedizioaren berri emango du emanaldi baten bitartez. «Bere berri izan genuen lagun baten bitartez, eta jakin genuen Bolivian egindako espedizioaren inguruan emanaldiak egiten ari zela, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Hainbat mendi igo zituen eta horri buruzko ariko da emanaldian», esan du Labaienek.

Bigarren emanaldia Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal ibartarrek emango dute. «Gauza asko egin ditu bikote honek, eta ikusten genuen azkenaldian raid probetan parte hartzen ari direla», azaldu du Labaienek. «Zerbait ezberdina iruditu zitzaigun, eta berez Hego Amerikan egindako bidaiari buruz ariko dira, baina nik uste aukera ere izango dela raidei buruz ere galdetzeko».

«Jendearentzat gertukoa»

Hirugarren emanaldiko protagonistetako bat Labaien bera izango da. Jone Tolosa anoetarra eta Inexa Maritxalar pasaitarrarekin batera Senda Camille izeneko ibilbidea egin zuen sei egunez, eta horri buruz ariko dira. «Zerbait sartu nahi genuen Mendi Astean jendeari gertukoa egingo zaiona. Erakutsi nahi duguna da ez dagoela zertan mendi altu batzuk igo beharrik, edo goi mailako kirola izan beharrik», azaldu du Labaienek. «Jende ezaguna izanik ere erakargarria izan daitekeela jendearentzat. Ez da beste munduko ezer, baina guk geure bizipenak kontatu nahi ditugu modu soilean eta ea jendeari gustatzen zaion».

Carlos Suarez madrildarra izango da laugarren emanaldiko protagonista. «Morir por la cima izeneko proiektuan dokumental eta liburu bat egin ditu. Berezia da Amezketara etortzea, eta lagun baten bitartez lortu dugu», zehaztu du Labaienek. «Gazteleraz izango da emanaldia, baina aukera ona iruditu zitzaigun bere proiektua ezagutzeko».

Bukaera pilotarekin emango zaio Mendi Asteari. Paxaka Txapelketa jokatzen aritu dira hainbat astetan eta finalak jokatuko dituzte larunbat goizean Ugarteko frontoian. «Txapelketaz arduratu direnek lan polita egin dute eta hori ikusten da parte hartze zabala izan delako», esan du Labaienek. «Finalak Mendi Astean sartzea eskatu ziguten, eta baiezkoa eman genien».

Ohikoena batez ere ekitaldietara herritarrak joatea izaten da, eta Labaienek eskertu du amezketarrek Mendi Asteari ematen dioten «erantzun ona». Bide batez, amezketarrak zein beste herrietakoak gonbidatu ditu ekitaldietara joatera.

Egitaraua

Maiatzak 23, asteazkena
20:00. Joseba Iztueta gabiriarrak 2015eko udan Bolivian egindako espedizioari buruzko hitzaldia emango du, kultur etxean.

Maiatzak 24, asteartea
20:00. Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal ibartarrek Hego Amerikan bizikleta gainean bizitako abenturei buruzko hitzaldia, kultur etxean.

Maiatzak 25, asteazkena
20:00. Jone Tolosa, Inexa Maritxalar eta Ainitze Labaienek iazko udan egindako Camille hartzaren bideari buruzko bideo emanaldia eskainiko dute, kultur etxean.

Maiatzak 27, ostirala
20:00. Carlos Suarez eskalatzaile, mendigoizale eta base jauzilariak Morir por la cima proiektua aurkeztuko du Amezketan. Madrildarra izaki, saioa gazteleraz izango da.

Maiatzak 28, larunbata
11:30. Lehen eskuzko Paxaka Txapelketako finalak jokatuko dira Ugarteko frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!