Altuna: gogoa non, pilota han!

Ataria 2016ko api. 25a, 20:48

Altuna III.ak 22 eta 3 irabazi dio Tolosako Beotibarren Victor errioxarrari; bera izango du Martinez de Irujok aurkari datorren astelehenean. Partida bikaina jokatu du amezketarrak eta jokoaren alderdi guztiak ezin hobeto maneiatu ditu. Ez dio Victorri aukerarik eman daukan jokoa erakusteko. Gaur, Jokinen eguna zen.

Orain dela astebete Artola plazaratu zen antzera plazaratu da Altuna III.a Beotibarren: hilabete ondo pasea zuriz jantzi gabe eta entrenamendu saioetako sentsazioekin; ondo ari zela entrenatzen, gustura zegoela, hori zen genekiena. Baina aspaldian zuriz jantzi gabe zegoen eta jakina da beste kontu bat dela hau. Bazen esaten zuenik amezketarra ezagututa honen beldur ez zela, pilotaria ez ezik, zer edo zer bada amezketarra, plaza gizona dela, jendaurrean kuzkurtu beharrean hazten den horietakoa. Hala da! Hala da!

Eta ez zaio bada askorik antzeman frontoitako ausentzia! Txapak berari eman dio lehen sakea eta beretzat izan da lehen tantoa pilotaldi laburra eta gero Victorrek. behartuta, pilota jira ezinik utzi duenean. Hurrengo tantoa antzekoa izan da, eta antzera baina Victorren zakura erori da. Beronek egin du segidakoa ere, bere sakearen errestoa eskuin airez txapapera erori zaionean amezketarrari, partida osoan egin duen erdi-huts bakarrean. Bi eta bat. Aurrenekoz eta azkenekoz aurretik errioxarra. Hemendik aurrera Altunaren erakustaldiarekin gozatu dute pilotazaleek. Non nahi, hantxe jartzen zuen pilota eta ez dio ia aukerarik eman aurkariari. Eta eman dionean eta erasora jo duenean Victorrek, pilotakada bat gehiago jotzea behartu du Jokinek bere aukeraren zain; hala irabazi du tanto bat baino gehiago. Burutsu eta serio demonio aritu da, berriketa gutxirekin.

Partida hasi aurretik Victorren joa zen denon ahotan zegoen arriskua. Jokinek baina, ia inoiz ez dio utzi piloteoan gaina hartzen, alderantziz, ia beti gehiago izan da. Behar izan duenean ondo eutsi dio ezker airez edo eskuin boleaz; modua izan duenean ezker-horman jarri du pilota edo bere lekutik mugi arazi du Victor zabal-aldera; hiru-lautik behar bestetan jo du atzera Victorren nekea behartuz; jokaldia egin duenean, aurkaria aski gaztigatua zeukanean egin du, eta egin ditu polit-askoak; eta aldian-aldian duen kalitate eta ahal handiaren seinaleak utzi dizkigu, hemeretzigarren tantoa esaterako (19-3): sake-errestora ezker airez besagain jota pilota sei eta erdian bote egitera jarri du Victor, lasterraldi bizian txokora zetorrena, buruz gain pasata.

Eta sakea! Behin eta berriz jarri du ezker-horman bost eta erdi parean. Victor egoskortu da airera eta zazpi tanto egin dizkio era horretara. Azkenerako erabaki du behin edo berriz boteari itxarotea, baina honek ere ez dio errentarik eman. Berak hiru bakarrik jira behar izan ditu eta ezin da ondorio askorik atera, baina horretan ere, hirugarrenean, erakutsi du eskumuturra ondo sendatua daukala bost eta erdian hormari itsatsitako pilota lautik atzera jarri duenean behetik gorako posturan airez jota.

Aurreko astean oso itsura ona emanda zetorren Victor Tolosara, konfiantzaz gainezka. Diru-jokalariek apustuak parean eginez eman diote hasiera,  partida estua ikusi behar genuela uste genuen. Baina zuri-urdinak, elastiko urdinez aritu da Altuna, ez dio aukerarik eman zuri-gorriari. Honelako astinduak gertatzen direnean, zergatiaren bila hasita, ez da argi egoten irabazlearen meritua edo galtzailearen ezina izan den arrazoia. Gaur, Beotibarren izan diren guztiak irabazlearen meritua izan dela pentsatuz atera dira, asko, harrituta. Hobeto eta indartsuago jokatzea egongo da, baina gaur, Victorren aurka, bikain jokatu du.

Tanto boladak: 1-0; 1-1; 1-2; 2-2; 15-3; 22-3.

Tantoak Altunak: 7 sakez, 8 jokaldian, 7 aurkaria behartuta.

Tantoak Victorrek: 1 sakez, 1 aurkaria behartuta, 1 jokaldian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!