Haurreskola berriaren egokitzapen proiektua onartu berri du udalak

Ataria 2016ko apirilaren 11

Amezketako Haurreskola berriaren kokalekua izango da herriko plazara ematen duen eraikin baten behe solairuan.

Amezketako udalerrian, egun, haurreskola erabilera Bartolome Deuna kaleko 27.ean helbideratutako lehen solairuak betetzen du. Egungo lokalak haurreskola batek bete beharreko neurri eta azalerak baditu ere, lehen solairuan izatean irisgarritasun arazoak eta ebakuazio zailtasunak daude.

Joan zen ostegunean Amezketako Udalbatzak aho batez onartutako proiektuaren xedea, beraz, haurreskolaren erabilera lekuz aldatzea da, Fernando Amezketarra plazara ematen duen eta Bartolome Deuna kaleko 34. zenbakian helbideratutako behe solairuko lokalera pasatuz. Modu honetan, irisgarritasun eta ebakuazio baldintzak hobetzeaz gain, kokapen berriak eskaintzen duen kanpo-guneko jolas leku berri bat eta haurren sartu-irtenak modu seguruagoan ematea ahalbidetzen da.

Amezketako haurreskola berriaren egokitzapen proiektua Astazaldi ark. SLP. enpresak egin eta Eñaut Muñoa Artola eta Hector Espin Larreta arkitektoek sinatutako proiektu honen aurrekontua guztira 134.586,98 eurokoa da.

Proiektua idatzi baino lehen Haurreskola Partzuergoko zerbitzu teknikoekin adostu da beharrizanen programa eta oro har ondorengo guneak izango ditu haurreskola berriak: sarbide bereizia, erabilera anitzeko gela, janariak prestatzeko gune bereizia, haurrentzako aldagela-komuna, haurren atsedenerako gela, zuzendaritza-idazkaritza bulegoa, eta hezitzaileentzako aldagela-komuna. Guztira 106 m2 erabilgarri izango ditu lokal berriak, eta gehienera 15 haurrei zerbitzu emateko gaitasuna dago, orain baino 5 haur gehiago.

Obrak maiatzean zehar hastea espero du udalak, behin esleipen prozedura burutu eta gero. Honi dagokionez, udalak Amezketako igeltseroei gonbita luzatu die beren proposamenak egin ditzaten obra hau esleitu eta exekutatu ahal izateko. Obren exekuziorako epea 10 astekoa da, beraz ikasturte berria haurreskola berrian hasteko asmoa dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!