Bote luzea berriro ere Amezketan

Ataria 2016ko apirilaren 2a

Euskal Herriko pilota joko zaharrena da bote luzea. Aralarren artzainek jokatu zutena eta Amezketako plazan ere. Atzokoan berriro jokatu zen, Gipuzkoa eta Iparralde selekzioen arteko erakustaldiaren bidez.

Interesa piztu zuen partidak eta jendea izan zen Fernando Amezketarraren plazan erakustaldia ikusten. Bi taldeek serio hartu zuten norgehiagoka, eta gipuzkoarrek lortu zuten garaipena 7-2 irabaziz ordubeteko iraupena izan zuen partida. Oiartzungo Txost elkartea dabil bote luzea eta joko zuzeneko beste pilota modalitateak berpizten eta zabaltzen. Horrela, bertako kidea den Anton Mendizabal jokoaren nondik norakoak azaldu zituen partidan zehar. Amezketan ere talde bat ari da joko zuzena zabaltzen, eta, atzoko erakustaldiaz gain, martxan dagoen paxakako herri txapelketa antolatu du.

Atzoko norgehiagoka ikusten gonbidatu bereziak izan ziren Amezketan. Valentziako llargues pilota jokoko selekzioa izan zen bertan. Llargues pilota joko zuzena da ere, eta Valentzian kaleetan jokatu ohi dena. Asteburuan Valentziako eta Euskal Herriko selekzioek bi partida jokatuko dituzte, Azkoitian eta Oiartzunen, llargues-ean batean eta modalitate internazionalean bestean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!