Bote luze erakustaldia egingo dute, bihar, Amezketako plazan

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 31a, 11:33

Iparraldeko eta Hegoaldeko talde bana ariko dira lehian; asteburuan Euskal Herrian izango diren Valentziako pilota selekzioko kideak gonbidatu dituzte erakustaldia ikustera

Joko zuzeneko modalitate zaharrena da bote luzea, eta pilotako joko horren erakustaldia ikusteko aukera izango da bihar, Amezketako plazan, 19:30ean hasita. Ez da lehenengo aldia plaza horrek horrelako jokoa hartzen duena. Erakustaldiaren antolakuntzan dabilen Joseba Irazustak azaldu duenez, «XX. mende hasiera arte asko jokatzen zen, herri askotako plazetan, baina gero galtzen joan da. XIX. mendearen bukaeran Amezketak talde txapelduna izan zuen».

Europako zenbait herrialdetan, Herbehereetan eta Belgikan, esaterako, bote luzearen antzeko jokoa dute, eta jokalari profesionalak daude eta afizio handia dago. Partida garrantzitsuetan milaka pertsona izaten dira.

Aurrez aurre jokatzen den modalitatea da bote luzea, hau da, plazan elkarren aurrean kokatzen dira bi taldeetako jokalariak, bost talde bakoitzeko. Gaur egun jokatzen diren ezker paretako pilota modalitateen aitzindariak dira joko zuzenak eta horietan zaharrena da bote luzea. «Badakigu orain dela 1.500 urte mendietan jokatzen zutela bote luzean artzainek», dio Irazustak. Ondoren, denboraren poderioz herrietan jokatzen hasi ziren, eta plazak erabiltzen ziren horretarako.

Amezketako erakustaldia testuinguru batean kokatu dute. Izan ere, Euskal Herriko selekzioak eta Valentziako selekzioak Azkoitian eta Oiartzunen asteburuan llargues edo pilota valentziarreko partidak jokatuko dituzte asteburuan. Hori aprobetxatuz antolatu da bihar bote luzeko erakustaldia, eta valentziarrak gonbidatu  dituzte bihar Amezketan egingo den erakustaldia ikustera.

PAXAKAKO HERRI TXAPELKETA

Amezketan azken urteetan pilotaren joko zuzeneko modalitateak lantzen ari dira, eta horren adibidea da biharko erakustaldia. Beste modalitate bat, paxaka izenekoa, pixkana bere lekua hartzen ari da herrian, izan ere, egun Paxakako Herri Txapelketa jokatzen ari dira 50 parte hartzaile inguru, haur, gazte eta heldu. Ugarteko frontoian ari dira jokatzen eta txapelketaren lehen fasean edo ligaxkan daude. Apirilaren bukaera arte luzatuko da. Irazustak azaldu duenez, «jendea gustura dago, partidak ikustera etortzen direnei ere gustatzen zaie eta herrian giroa sortzeko balio du». 

Paxaka aterpetan jokatzen da, talde bakoitzeko bi pilotari behar dira, eta kantxaren erdian sare bat jarrita aritzen dira. «Garai batean jauntxoen jokoa zen, jauregietako aterpeetan jokatzen zena», dio Irazustak. «Gero XVIII. eta XIX. mendean asko zabaldu zen eta udaletxeetako aterpeetan jokatzen zen». Herrian paxaka berpizten ari dira, eta ea biharko bote luzeko erakustaldiak balio duen herrian ere modalitate horretan interesa pizteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!