Lehenengo paxakako txapelketa jarri dute martxan Amezketan

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 2a, 12:40

Guztira 50 parte hartzaile ari dira jokatzen herri txapelketan, hiru mailatan banatuta; partidak paxakan aritzeko egokituta dagoen Ugarteko frontoian izaten dira

Paxakarekin saiakera bat edo beste egin izan dituzte Amezketan, gutxi batzuk ikasi, gero kuadrilla handiago bat osatu, lagunarteko partida batzuk jokatu dituzte, baina orain beste pauso bat eman dute, eta lehenengo Paxaka Txapelketa antolatu dute. Jokin Artola da antolatzaileetako bat, eta berak azaldu duenez, «herri txapelketa hau antolatu dugu jendeari aukera eman eta pixka bat tentazioa pizteko asmoarekin».

Eta ekimenak arrakasta izan du. «Deialdia egin genuenean, ez genekien nola izango zen eta zenbat pertsonek parte hartuko zuten», azaldu du Artolak. «Azkenerako erantzun oso ona izan da, eta hiru maila izango dira: batetik, haurren maila, 16 urte azpikoena, misto moduan jokatzen ari direna, eta helduen mailan batetik neskak eta bestetik mutilak jokatzen ari dira. Guztira 50 parte hartzaile daude».

Ugarte auzoko frontoian jokatzen ari dira. Hain justu, orain gutxi berritu da pilotaleku hori, eta udalari eskatu zioten paxakan jokatu ahal izateko moldatzea. «Lehenagotik hasi ginen Ugarteko frontoian zenbait gauza prestatzen, eta handik gutxira jakin genuenean berritzeko asmoa zegoela, udalarekin harremanetan jarri eta esan genion nahiko genuela egindako moldaketak errespetatzea eta marrak margotzerakoan paxakarako ere jartzea, eta egia esan primeran geratu zaigu Ugarteko frontoia paxakan jokatzeko», azaldu du Artolak.

Partida guztiak bertan ari dira jokatzen, eta bereziki Artolari poz handia eragin dio haurrak ere paxakan jokatzen ikusteak. «Ikasten ari diren heinean, ikustea nola moldatzen ari diren pozgarria da. Hasiera batean helduen mailak atera ziren aurrera, eta gero haurrak ere animatu ziren, ingurukoek lagunduta», esan du Artolak.

Ligaxkak antolatu dituzte maila bakoitzean eta apirilaren 10a jarri dute epe moduan ligaxketako partidak amaitzeko. Aurreko astean hasi ziren partidak jokatzen eta ikusi beharko da maila bakoitzean zenbat aste behar dituzten ligaxka amaitzeko. Asteartetan haurrek jokatzen dituzte partidak, mutil helduen mailakoak asteazkenetan eta batzuetan asteburuan ere ari dira jokatzen, eta ostegunetan neska helduen mailakoak aritzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!