Altuna III - Merrino II.ak 3, Olaizola II - Urrutikoetxeak 22

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 8a, 21:07

Kolorez janzten dira Iñauteriak. Gorria nagusitu da Beotibarren astelenitako pilota jaialdian. Gorriz jokatu dute Olaizola II eta Urrutikoetxeak eta gorriak ikustarazi dizkiete Jokin Altuna eta David Merinori. 22-3 amaitu da partida eta urdinek ezin izan dute hauspotu leporaino beteta zeuden harmailetako beren aldeko giro goria.

Beotibarko harmailak gainezka zeuden bigarren partida hasterako, eta partida handia ikusteko ilusioa genuen hara bildu garen guztiok. Amezketarrak eta Merinok joan den astean sekulako astindua emana zien Artola-Albisuri, oso ondo jokatuz gainera, ezin bestela. Aldiz, Olaizola eta Urrutikoetxeak galdu egin zuten Xala-Rezustaren aurka. Elkarren aurkako joaneko partida, gainera, oso borrokatua eta ikusgarria izan zen. Hori gutxi balitz, amezketarrak-eta partida hau irabaziz gero sailkapeneko lehian sartuko ziratekeen. Ikusmin handiko partida, beraz, eta protagonistetako bat bertakoa.

Eta partida handia eskaintzeko gogoa izango zuten lau pilotariek ere, bertakoak batez ere. Gorriek egin dute hori. Urdinek ez dute berengandik itxaron zitekeenik erakutsi, ezin izan dutelako edo utzi ez dietelako, eta bertakoak ez du eman bererik. Atzeko koadroetan Urrutikoetxea nagusitu da eta Olaizolak ez du barkatu aukera izan duen ia guztietan; sake-errematean ere min handia egin du.

Urdinentzat izan da lehen sakea eta beraiek egin dute lehen tantoa. Orduan jarri dira markagailuan aurretik aurrenekoz eta azkenekoz. Geroxo izan da partidako berdinketa bakarra, binakoa. Baina hemendik hamahirugarreneraino joan dira gorriak. Hamaikagarren tantoa eman dienean gorriei Jokinek eskuin arrastotik kanpora jotako ezker-gantxoak, kantxaren erditik eskuinera hankak zituela jotakoa, oso zaila, harmailetako goiko-aldean "Jokin! Jokin! Jokin! laralara, laralara ..." saiatu dira animatzen; baita geroago ere pilota batera eta bestera ibili eta gero amezketarrak beraien hirugarren eta azken tantoa egin duenean ezker-gantxo bikain batekin, saiatu dira oihuz eta kantuz animatzen, baina gaur alferrik zen. Frontoira bildutako zaletuek partida ona eta estua ikusi nahi, baina gaur ez zen tokatzen. Transformazio egunak dira inauteriak eta, gaur, benetan ezezagun egin zaizkigu urdinak. Eta hogeita bira joan dira gorriak, biak txapeldun handiak, gupidarik gabe, zuzenean.

Goi mailako beste lau partida geratzen zaizkie jokatzeko txapelketa honetan. Lau partida beren itxurarik onena ematen saiatzeko. Eta, auskalo, igual ez dira azkenekoak izango!

Tanto boladak: 0-1; 2-1; 2-2; 13-2; 13-3; 22-3.

Eginak-galduak: Altunak eginak 2, galduak 6; Merinok eginak 0, galduak 4; Olaizolak eginak 11, galduak 1; Urrutikoetxeak eginak 1, galduak 0.

Pilotakadak: 280. Partidaren iraupena: 38´

Tolosak-Mendizabal III.ak 22-17 galdu dute Retegi Bi-Irustaren aurka

Jaialdiko hirugarren eta azken partidan ezin izan dute atzoko garaipena berritu anoetarrak eta antzuolarrak. Gustura ikusten den partida horietako izan da. Retegi Bi-Irusta, gorriz aritu dena, maila handiko bikotea da eta atzoko partidaren zama ere antzemango zuen bikote urdinak.  20 eta 10eko abantaila hartu dute gorriek, baina egoskortu egin dira Tolosa-eta, ordea, eta 17 tanto egitea lortu dute. Partidako zati hau izan da ikusgarriena, eta jaso dute txalo zaparrada bat baino gehiago lau pilotariek. 

Lehenengo partida ere gorriek irabazi dute: Gorka-Erostarbe 18, Elordi-Apraiz 10.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!