Aurrera Saiaz finalean sartu da

Asier Imaz 2016ko urt. 12a, 10:52

Argazkian, Aurrera Saiazeko pilotariak Amezketan

Jende ugari elkartu zen larunbatean eta igandean Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko II. Txapelketaren finalerdiak jokatu ziren bi egun horietan. Larunbatean, Tolosako Aurrera Saiazek jokatu zuen.

2-1 irabaztea lortu zuten eskualdeko pilotariek, eta ondorioz, urtarrilaren 23ko finala jokatuko dute, Usurbilgo Pagazperen aurka.


Zaramagaren aurka jokatu zuen lehen finalerdia Aurrera Saiazek. Lau t’erdikoa izan zen lehen partida, eta eskualdekoen ordezkaria Jokin Larrañaga izan zen. Gasteiztarren aldetik Jokin Larrañagak jokatu zuen. Azken hau faborito argia zen, pilota bizi mugituz, dominatzaile ibili baitzen. Hala eta guztiz ere, Elola gazteak gogor borrokatu zuen, arriskatuz eta asmatuz, eta markagailuan 11-11 jartzea ere lortu zuen. Partidaren azken txanpan, ordea, ofizioa nagusitu zen, eta finalerdietako lehen puntua gasteiztarren alde erori zen. Azken emaitza, 12-18.


Bigarren partida ere buruz buru jokatu zen, baina kasu honetan, frontoi osoan. Aurrera Saiazek Urretabizkaia aukeratu zuen lantegi horretarako, eta Zaramagak Albarado. Bi espezialista. Ikaztegietako pilotaria ez zen ongi hasi, eta zalantza horiek ongi probestu zituen Albaradok. Markagailuan parean ibili ziren tarte horretan. Ondoren, Urretabizkaia pilota astintzen hasi zen, eta ikusgarria izan zen Aurrera Saiazekoaren joa. Zaletuek ere gogotik txalotu zuten Urretabizkaia. Albaradok ahal zuena egin zuen, defensa izugarria erakutsiz. Baina defentsak bakarrik ez du partidarik irabazten, eta hori argi geratu zen Amezketan. Azken emaitza, 18-10, eta kanporaketa berdindurik. Gauzak horrela, hirugarren eta azken partida erabakigarria bilakatu zen. Irabazten zuenak finalerako txartela lortzen zuen.


Aurrera Saiazen koloreak defendatzear Eneko Labaka eta Ibai Arratibel atera ziren. Albizturko aurrelariak erakustaldia eskaini zuen, beste behin. Joko bolada izugarrian dago Labaka, eta denetik egin zuen: txokoan goxo utzi, ezker gantxoz pilota ezkutatu, anguloen neurketa zehatza,... ikusgarria. Mikel Rafael gasteiztarren aurkariak ahal zuen guztia egin zuen defentsa lanetan, baina zailtasun handia jarri zizkion aurkariak. Atzean, Iñaki Arratibel ataundarrak oso serio jokatu zuen. Azpiazu gasteiztarrak eskuin bortitza du, eta honek pilotakadak eramateaz gain, ezker orma ederki bilatu zuen Arratibelek, Zaramagakoari min eginaz. Aurrera Saiazeko bikotea bikain moldatu zen partida osoan zehar, eta ondorioz, 22-13 irabazi zuten.


Hirugarren partida irabazita, Aurrera Saiazek bi puntu lortu zituen, eta Zaramaga bakarrean gelditu zen. Igandeko bigarren finalerdian, Usurbilgo Pagazpek irabazi zuen kanporaketa, Huarteren aurka. Talde oso sendoa daukate usurbildarrek. Urbieta asteasuarra eta Gorrotxategik osatzen duten bikotea, Santxo buruz burukoan, edo Quina lau t’erdian. Urtarrilaren 23ko finala benetan polita aurreikusten da. 17:00etan hasiko dira partidak, baina egun osoan zehar, Amezketan, zer ikusia eta gozatua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!