Bizi-Bizi-BiziModu!

Naiara Roldan de Aranguiz 2015eko azaroaren 23a

Hitzordua zuten amezketarrek larunbatean. Ezer gutxi zekiten. Hitzordua, Larrunarri pilotalekuan zela, arratsaldeko 19:00etan. Herritarrek prestaturiko BiziModu antzezlana topatuko zuten bertan, baina argumentua, lanaren nondik-norakoak giltzapean gordeta egon dira larunbata bitarte.

Den-dena, ordea, ez da sekretupean gorde. Izan ere, zertxobait antzematen hasteko, amua aurretik botata zegoen: antzezlanaren kartela -aktoreak ederki karakterizatuta-. Hori horrela, eguna iritsi eta ilara luzea osatu zen frontoiko ateak irekitzearen zain. Atearen kristalak ere tapatuta, barruan ekoizten, preparatzen ari zena inork aurrez ez ikusteko.

Azkenean, ateak ireki eta urduritasunez herritarrek, haur-gazte, guraso, aiton-amonek, ateak zeharkatu eta harmailetan hartu zuten tokia. Aurrez aurre, bi pisuko eszenatokia prest, ikus-entzuleak zur eta lur utziko zituena. 

Jarraian, argiak eta soinua piztu eta antzezlanaz gozatzeko unea iritsi zen. BiziModu. Horixe herri txiki batean gertatzen direnak, gertatzen direlako. Beltzaren Plazako eraikina zen eszenatokiak islatzen zuela, eta bertan lau etxebizitza, etxe bakoitzeko barruko istorioak eta komeriak agerian uzten zituena. 

Txoni independizatuarena, ama ezkutuan etxean sartzen zaiona etxea txukun uztera, "Route-ko pabilioetan boloetara juergan joaten dena, bere lagunarekin "garrafoia" eta guzti"; ama "sosa" eta amona "martxosa" duen familia, amona etxean giltzapetuta utzi behar duena alde ez egiteko, wifi gabe, behar ez dena interneten ez bilatzeko edota Telepizzaren bisitarik ez jasotzeko. 

Bizimodu ugariren berri izan zuten amezketarrek larunbateko saioan, baita Benidormera negua pasatzera doan bikotearena ere, eleganteak biak, konjuntatuak, erakusle-zaleak, handi-usteak, gaztelania ere euren harropuzkeriaren aztarna. Edota, okupazioa zer den Wikipedian bilatu behar duten okupena. Okupa ikaratia eta txinatar -ez barka, japoniar- "xalada". Baita haiek gidatuko dituen, telepizzero okupa gida ere. 

Edota, "marikoi-gay-homosexual" bikotea. Aralar papelerako langilea eta bere gurasoei nola esan jakin ez, baina herri guztiak dakiena. 

Pertsonai hauen laguntzaile, antzezlari zerrenda luzea larunbatean ohiko pilotarien eszenatokia bete zutena. Bertaratutakoek herri-antzerkia ikustera deituta joan ziren baina bertakoa herri-antzerkia baino askoz gehiago ere izan zen. Batek baino gehiagok, antzerki munduan bere BiziModua bilatzeko, topatzeko bidea ere bazen.

Emaitza: pilotalekua lepo eta ikus-entzuleak txaloka. Zorionak, hurrengoaren zain.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!