Antzerkirako zaletasuna Amezketan

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 20a, 12:15

'Bizimodu' atzezlanean parte hartuko duten antzezleetako batzuk.

Herriko hamasei gaztek 'BiziModu' antzezlana eskainiko dute bihar, 19:00etan, Larrunarri frontoian. Kultur astearen barruko ekitaldia izango da.


Ama begira zazu
izan zen aurrenekoa. Amezketako hainbat gazte elkartu eta taula gainera igo ziren 2007an. Hurrengo urtean beste obra txiki bat egin zuten, eta ondoren zenbait urtez geldialdia egin ondoren, orain bi urte berriro ere antzezteko grina iritsi zitzaien. Orduan, euskal mitologiari buruzkoa izan zen, eta iaz ere jarraitu zuten, Fernando Amezketarrari buruzko kale antzerkia eginez. Aurten, kultur astearen barruan, Larrunarri frontoian BiziModu antzezlana eskainiko dute bihar, 19:00etan hasita, herriko hamasei gaztek.

«Ez gara nolabait esateko antzerki talde bat, ez da zerbait itxia», dio Eneko Goitia taldekideetako batek. «Lagun kuadrilla bat gara, adin ezberdinetakoak», gaineratu du Alaitz Labaien beste taldekideetako batek. Aurreko esperientziak onak izan direnez, hortik atera da hurrengoak egiteko gogoa. «Guk nahi dugulako parte hartzen dugu antzezlanean. Denak ondo eramaten gara eta horrek errazten du talde giro ona izatea», esan du Goitiak, eta Labaienek gaineratu: «Askotan, esan ohi dugu, WhatsApp-eko taldean izaten ditugun konbertsazioekin egiten ditugun barreengatik bakarrik merezi duela hurrengo urte batean beste antzezlan bat egitea».

Gidoia Aiora Etxeberriak egin du, eta entseguek aurrera egin ahala joan dira zenbait moldaketa egiten. Zuzendaririk ez dute, eta, beraz, elkarri laguntzen diote entseguetan. Sekretupean ematen ari dira antzezlanaren gaia. Kartela ere egin eta erakutsi dute, eta horrek hainbat uste zabaltzea ekarri du herrian. «Herritarrek ez dute espero inondik inora antzezlanaren gaia. Beste urteetan egin dugunarekin ez du zerikusirik», azaldu du Goitiak. Saiatu dira ingurukoak-eta zertaz izango den jakiten, baina ez dute erantzunik jaso. Hori bai, komedia izango dela esan dezakete.

Azkeneko asteetan urduritasuna handitzen doala diote, baina baita ere taula gainera igotzeko gogoa. «Guk hain ondo pasatzen badugu entseguetan elkar ikusten, imajinatzen dugu herritarrentzat ere oso polita izan behar duela», esan du Labaienek. «Gainera, ezagutzen gaituen jendearentzat badu grazia berezia taldeko bakoitza antzezten ikustea».

Bote luze erakustaldia, atzeratuta

Biharko antzezlanaz gain, gaur eta igandean ere izango dira ekitaldiak. Halere, iganderako aurreikusita zegoen bote luzeko erakustaldia bertan behera geratu da, eguraldi txarra iragarrita baitago. Ez dute oraindik zehaztu noiz arte atzeratuko den erakustaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!