Amezketa, pilotaren Euskal Herriko hiriburu bigarren urtez

Asier Imaz 2015ko aza. 18a, 09:50

Euskal Herriko Kluben Arteko II. Txapelketa Nazionala Donostian aurkeztu zuten atzo. Amezketa izango da txapelketaren ardatza, final laurdenetatik aurrera, partida guztiak Larrunarrin jokatuko baitira.

Horrez gain, txapelketaren harira, beste hainbat ekimen ere antolatuko dituzte herrian. Besteak beste, pilota desafioa, eta pilotaren inguruko erakusketa.


Tolosaldeko hiru ordezkari egongo dira txapelketa horretan: Amezketako Zazpi Iturri; Amasa-Villabonako Behar Zana eta Bidania-Goiatz Aurrera Saiaz. Asteburu honetan hasiko dira lehiak, eta Behar Zanak Gaztelekuren aurka jokatuko du. Zazpi Iturri eta Aurrera Saiazek iaz txapelketan parte hartu zutenez, final zortzirenetan sartuko dira txapelketan.

TXAPELKETAREN FUNTZIONAMENDUA
Pilota elkarteak (21):
Adiskide; Pagazpe; Zazpi Iturri; Huarte; Bortziriak; Zaramaga; Aurrera-Saiaz; Lea-Ibarra; Erreka; Buruz Gain; Behar Zana; Txukun-Lakua; Irurtzun; Gazteleku; Intza KE; Oberena; Amurrio; Hernani PE; Markina; Mundarro eta Soraluze.

Kanporaketak:
• Joan etorrikoak izango dira.
• Hiru partida jokatuko dituzte jardunaldi bakoitzean: 1. Buruz-buru lau t’erdian; 2. buruz-buru kantxa osoan eta 3. binaka.
• Buruz buruko partidak 18ra izango dira. Binakakoak 22ra.
• Absolutu mailako partidak izango dira. Hala eta guztiz ere, edozein mailatako pilotariak joka lezake partida.
• Partida gehien irabazten dituen elkarteak gaindituko du kanporaketa. Berdinketa kasuan, tanto diferentzia hartuko da kontuan.
• Final laurdenetatik aurrera Amezketan jokatuko dira kanporaketak. Ordura bitarte, elkarte bakoitzaren egoitzan.
• Iaz ez bezala, aurtengoan zesiorik ez da onartuko. Beraz, pilotari guztiek fitxa elkartekoarekin eduki beharko dute.

Datak:
• Aurre kanporaketak azaroaren 20-22 eta 27-29an jokatuko dira.
• Final zortzirenak, abenduaren 4-6 eta 11-13an jokatuko dira.
• Final laurdenak, abenduaren 19 eta urtarrilaren 3ra bitartean jokatuko dira.
• Finalerdiak, urtarrilaren 9an eta 10ean jokatuko dira, 17:00etan.
• Finala, urtarrilaren 16an, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!