Maite Gurrutxaga: «'Martin' lana egiteko oso libre aritu naiz»

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 11a, 11:06

Alaine Agirre idazlearekin batera album ilustratuaren Lazarillo Saria irabazi du Maite Gurrutxaga amezketarrak; «poz handia» izan dela dio ilustratzaileak

Martin lanarekin Lazarillo Saria irabazteaz gain, Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarrak ilustratutako bi argitalpen berri ikusi ahalko dira laster.

Zer suposatzen du sari honek?
Estatu mailako sari bat da, sari zaharrena literatura sorkuntzan. Poz handia da guretzat eta orain ikusi beharko dugu bidea ematen digun lana argitaratu ahal izateko.

Zer esan du epaimahaiak?
Aukera izan nuen epaimahaikoekin hitz egiteko, eta denek esan zuten ipuina eta irudiak ederrak zirela eta modu batera edo bestera ukitu ziela. Irudien eta testuen arteko lotura oso ondo zegoela eginda ere esan zuten.

Nola sortu zen lana egiteko Agirreren eta zure arteko harremana?
Lehengo urtean Elkar argitaletxearekin atera zen Nora joan da aitona? argitalpena, Alainek idatzitakoa, eta orduan izan nuen berarekin lan egiteko aukera. Esan zidan gustatu zitzaiola emaitza, eta hortik aurrera bidali zidan ipuin hau, ikusteko ea ilustratu nahiko nuen edo. Hasi nintzen lanean, ikusteko ze bide hartzen zuen, eta azkenean erabaki genuen Lazarillo Sarira aurkeztea.

Nolatan aukeratu zenuen sari horretara aurkeztea?
Gure asmoa zen sari batera aurkeztea eta ikustea ea zorterik bazegoen, modu horretara argitaletxeek ezagutzeko gure lana. Bestalde, sariaren epea bukatzen zen garairako justu bukatu nuen lana eta horregatik ere erabaki genuen.

Nola izan da elkarlana?
Hilabete guztiotan egon gara harremanetan, eta nik bidaltzen nizkion ilustrazioak, baina bai aritu naizela oso libre lanean. Bera oso eskuzabala izan da, testua nirea egiten utzi dit, eta hori eskertzen diot. Erraza izan da harremana, niri testua asko gustatu zait eta berari ilustrazioak ere bai.

Aurreko urtean zu zeu izan zinen Lazarillo Sariko epaimahaikide. Nola da bestaldean aritzea?
Ez da batere erraza. Lan guztiak ondo irakurri, ondo barneratu eta balorazio bat egiten saiatu nintzen. Interesgarria da besteek egiten duten lanak ikustea, eta asko ikasten duzu ere.

Eta nola doa 'Martin' lana argitaratzearena?
Saria ez da argitaratzeko asmoz emandakoa. Askotan argitaratzaileek interesa agertzen dute saria irabazi izan duelako, eta hori pasatzea nahiko genuke, baina oraindik ez dugu eskaintzarik jaso.

Zer istorio kontatzen da 'Martin' lanean?
Martin mutil oso berezia da bere lagunarentzako. Honek narratzaile moduan egiten du, Martin deskribatuz, eta nola denek ezberdintzat duten, baina lagun honek ez du ikusten zergatik ikusten duten besteek hain ezberdina.

Argitaratu berri da Mexikon zure ilustrazioekin Maria Barandak idatzitako 'La enorme nada' album ilustratua. Nolatan handik enkargua?
Niri ere kuriositate handia sortu zitzaidan. Bukaeran galdetu nion editoreari, eta esan zidan interneten aurkitu zuela nire lana. Poz handia eman dit lan hori egitea. Inprentatik atera berri da eta zabaltze lanetan ari dira.

Beste argitalpen bat ere ateratzekoa da, Uxue Alberdiren testuekin.
Besarkada izena du eta espero dugu hilabete honen bukaeran aurkeztea. Uxuek idatzitako bertso batzuk dira. Testua pasa zidan ikusteko ea zerbait egingo nuen. Album ilustratu formatua eman genion eta Elkar argitaletxeak argitaratuko digu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!