Kultura, kirola eta festa bat eginik, Amezketako kultur aste oparoan

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 9a, 19:56

Iker Karrerak eta Amagoia Etxeberriak hitzaldi bana emango dute kultur astean.

Bihar hasiko dira ekitaldiak, haurren elikadurari buruzko hitzaldi batekin.

Egitarau zabala osatu dute Amezketako Kultur Asterako. Hitzaldiak, kirola, festa giroa... askotariko gaiak bildu dituzte gaurtik hasi eta datorren azaroaren 22ra arte. Haurren elikadurari buruzko hitzaldia izango da lehen ekitaldia. «Ez da festen adineko lana guztia antolatzea, baina badira ia bi hilabete prestatzen hasi ginela taldetxo bat, elkarlanean, eta azkenean hamar egun izango dituen kultur astea lotzeak bere lana ematen du», azaldu du Iñaki Amundarain alkateak. San Martin Egunaren inguruan antolatu ohi da kultur astea, egun hori berezia baita Amezketarentzat.

Herriko kultur bizitzarentzat «oso aberasgarria» dela dio Amundarainek kultur astean egiten dena. «Beti nahi izaten dugu amezketarrak protagonista izatea, eta baita herritarrentzat pentsatutako ekitaldiak antolatzea». Hori horrela, Amagoia Etxeberria arropa diseinatzaile amezketarrak eta Iker Karrera mendi lasterkari amezketarrak hitzaldi bana eskainiko dute. Aipatzekoa da ere herriko hainbat gazte prestatzen ari diren antzezlana.

Zenbait berritasunekin dator aurtengo kultur astea. Izan ere, batetik Albitzuri-Aundi harriaren altxatze txapelketa jokatuko da. Azkenekoa 2010. urtean izan zen. Bestetik, Ergonengo festa eguna ospatuko da larunbat honetan lehenengo aldiz. Bertako gazteek mugitu dute, eta egun guztirako ekitaldiak antolatu dituzte, besteak beste, bazkaria eta gauean erromeria antolatuz.

Horrez gain, azokarik ez da egingo aurten. «Albitzuri-Aundi altxatze txapelketa kultur astean sartzearekin batera, ikusten genuen igandean egin behar zela. Azoka ere beti igandetan egiten da, eta aurreko urteetan postuak ezin lortuta ibiltzen ginen», zehaztu du Amundarainek. «Beraz, aurten atsedena egitea pentsatu dugu, bai guk, eta baita herritarrek ere, datorren urtean berriz indarberrituta egiteko asmotan».

 

Egitaraua

Azaroak 10, asteartea

18:00. Kultur etxeko aretoan, Edurne Maizen hitzaldia: Nire seme-alabak ez dit ezer jaten... Mizkin hutsa da. Zer egin?.

Azaroak 11, asteazkena (San Martin Eguna)

11:30. Meza San Martin ermitan. Ondoren Laja, eta Bixente Gorostidi eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak.

13:00. Haurren bazkaria.

14:00. Erretirodunen bazkaria, Errekalden, Trikitilari eta bertsolariekin.

17:30. Haurrentzako jokoak Larrunarri pilotalekuan. Ondoren haurrentzako merienda.

Azaroak 12, osteguna

20:00. Amagoia Etxeberria diseinatzailearen hitzaldia eta diseinu erakusketa, kultur etxeko aretoan.

Azaroak 13, ostirala

17:30. Ierebizkar errota martxan jarriko da.

19:00. DBH4ko ikasleek, gaztelekukoek lagunduta, egindako talo jatea, Larrunarri pilotalekuan.

Azaroak 14, larunbata (Ergonen festa eune!)

11:00. Frontoi zaharrean, III. Hiruterdiz-Aurre Pilota Torneoko finalak. Promesak (haurrak) eta ohorezkoak (helduak) mailetan ariko dira. Tartean 75 kiloko harriarekin marka jartzea.

14:30. Bazkaria, Altuna Anaiak frontoian. Izen-ematea tabernetan.

17:30. Joko-poteoa.

20:30. Txooootx! Altuna anaiak frontoian. Jatekoa, nork berea eraman beharko du. Parrila piztuko da.

Ondoren. Gugaz taldearekin erromeria.

Azaroak 15, igandea

17:00. Albitzuri-Aundi harriaren altxatze txapelketa, Larrunarri pilotalekuan. Sarrera 10 eurokoa izango da.

Azaroak 19, osteguna

19:00. Erabakitzeko eskubidearen inguruko hitzaldiaren bideo emanaldia.

Azaroak 20, ostirala

20:00. Iker Karreraren eskutik, Mendian korrika, luze iristeko, pausoa motx! hitzaldia.

Azaroak 21, larunbata

19:00. BiziModu, herritarrek eginiko antzezlana, Larrunarri pilotalekuan.

Azaroak 22, igandea

10:30. IV. Kros Herrikoi txikia. Izena ematea goizean bertan.

12:00. Plazan, bote luze partida-erakustaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!