Eskerrik asko Jokin!

Garazi Tolosa eta Olatz Sagastume 2015eko azaroaren 3a

Aspalditik esperotako momentua iritsi zitzaigun, txapelketa garrantzitsu bateko aste erabakigarria. Urduri eta nerbioak dantzan genituela igaro genuen aste guztia, ezjakintasunean, baina beti ere herritarraren aldeko apustu mugagabeari eutsiz.

Buruan bueltaka genituen partidaren emaitza eta bizitzeko geunden egun garrantzitsua. Barru-barruan baitaramagu guretzat sentimendu bat den pilotari honen ibilbidea.

Eguna iritsi zen, eta Amezketa guztia Atano inguruan bildu ginen ilusioz beterik. Aurkari sendo eta indartsu bat aurrean izanda ere, beti dugu aldeko markagailua izango denaren esperantza.

Partida hasieran betiko legez umoretsu eta gogotsu izan ginen Jokinen aldeko oihu eta kantekin. Partida aurrera joan ahala Oinatzen indarra nabaritu zen eta horrekin batera ezin egona sartu zitzaigun gorputzean. Partida bukatu zen. Ez guk nahi genuen markagailuarekin baina hala eta guztiz ere Amezketan itxaron eta elkartu ginen denok herritarrontzat txapelduna den Jokini merezi duen harrera emateko.

Izan ere, ilusioa eta esperantza ez dira inoiz galdu behar horregatik, badakigu, eta ziur gaude, denbora gutxira une latz eta politak bizituko ditugula berarekin. Gaztea da oraindik eta bide luzea du egiteko, gu betirako izango gaitu bere ondoan ametsak gauzatzerako bidean. Eskerrik asko Jokin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!