Maite Gurrutxaga amezketarrak Lazarillo saria irabazi du

Ataria 2015eko urriaren 29a

Amezketarrak album ilustratuaren ataleko Lazarillo saria jaso du Alaine Agirre bizkaitarrarekin batera. OEPLIk, Haur eta gazteentzako liburuen elkarteak, banatzen du sari hau.

Haur eta gazteen literaturako saririk aitzindariena da Lazarillo. 1958. urtetik aurrera eman izan da, hain zuzen, haur eta gazteentzat liburuen sorkuntza sustatzeko. Horretarako, 2.500 euroko bi sari banatzen dituzte album ilustratu eta literatura sailetan. 

Aurten, 51 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik Maite Gurrutxagak eta Alaine Agirrek egindako 'Martin' lana izan da garailea. Testu eta ilustrazioen armonia, pertsonaien adierazkortasuna, eta diferentzia eta inozentziaren bidez transmititzen duen sentikortasuna baloratu ditu gehien epaimahaiak irabazlea izan den lanetik.

2008an hasi zen Gurrutxaga liburuak ilustratzen, Arte Ederren ikasketak burutu eta gero. Pasa den urtean Euskadi Literatura Saria irabazi zuen ilustrazioen atalean, 'Habiak' lanarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!