Jokin! Jokin! Jokin! ...

Jexux Murua 2015ko urr. 25a, 19:26

Altuna III.ak 22 eta 19 irabazi dio Aimar Olaizolari. Pilotazale guztiak aho zabalik eta bere zaleak zutik "Jokin! Jokin! Jokin!! ohiuka direla agurtu dute. Partida ikusgarria jokatu du eta Artolaren aurka bistaratu zituen doain guztiak berretsi ditu. Finalerdietarako bidean urrats garrantzitsua eman du, baina ez azkena.

Mila eta berrehun ikusle pasa begira, Altuna zaleak gehienak, txapa gora eta lehen sakea urdin, amezketarrarentzat. Pilota aukeratu, eskua aurkariari, lasterkalditxoa, botea, zartada eta falta! Zoriak emandako sakea eta tantoa oparitu dizkio, zeini eta Aimar Olaizolari. Hori da hasiera hori!

Baina mutil hau pasta berezikoa da. Hurrengo tantoa, dexente piloteatu eta gero, berak egin du eta di-da batean joan da seigarreneraino; bi sake-buelta goiko koltxoira joan zaizkio Aimarri, baina beste lauak klase guztitakoak izan dira: txokoan, zabalean, sake-errematea ...

Tanto piloteatu baten ondoren berreskuratu du sakea Aimarrek. Hirugarren tantoa ere egin du segidan, baina gero, hasieran jasotako oparia itzuli dio Jokini sakea luze atera duenean. 7 eta 3 eta sakea urdinarentzat berriro.

Eta zer izan da ondoren etorri dena! Sake-bueltan zabaleko puntara ñakua bostetik; hurrena txokora; hurrena bipareta boleaz hiru terditik; ezker zeharra zabalera... Eta 11-3 Altuna aurretik. Jendea zoratuta eta Aimar non jarri eta nora joan ez zekiela. Jokin! Jokin! Jokin! ... frontoia.

Egin du Aimarrek laugarrena, eta segidan bosgarrena. Hurrengo tantoa, ordea, Altunaren hamabigarrena izan da, Aimarri kanpora joan zaionean aidez jotako ezker gantxoa, ia inoiz joaten ez zaion horietakoa.

Hamabigarren tantoko derrigorrezko hiru minutuko geldialdiaren ostean, jokoa jolasa bihurtzen den tanto horietakoa ikusi dugu: bi pilotariak batera eta bestera, zabalera era txokora, zinbulu eta zanbulu, eta seigarrena Aimarrentzat.

Orduan hasi da Jokin 17 eta 7 irabazten jartzera eraman duen beste bolada, tartean sake bat, bi bipareteko bikain eta zabaleko puntara ñakua ezkerrez. Jokin, Jokin, Jokin ... jarraitzen du frontoiak.

Jakina zen Aimarren erantzuna etorriko zela. Hemen hasi da, eta 17-13ra arrimatu da lehen kolpean. Tanto bat gehiago egin du Jokinek, baina hurrengo boladan gainera etorri ez ezik aurretik jarri zaio Olaizola: Altunak 18, Olaizolak 19. Azken hiru tantoak sakez egin dizkio. Jokini nekeak erasan ote dion pentsatzen hasi gara, baina frontoiak Jokin, Jokin, Jokin! jarraitzen du, ez du fedea galtzen.

Eta orduantxe ikusi dugu, aspaldian ikusi dugun tanto harrigarrienetakoa: Aimarrek sakatu du, eta Jokinen errestoa zabalera gurutzatu du airez, ezker gantxoz; Jokin haruntz zihoan ziztu bizian, pilota uste baino barrurago geratu zaio, ordea, eta, hauxe harrigarria, ezkerrez pilotakada luzea jo du eskuineko marraren barrualdetik, paralelo metro erdira, zuzen-zuzen lau inguruan bote egitera, ezinezkoa Aimarrentzat. Artista! Frontoia erori beharrean!

Hemeretzina eta sakea. Zuzenean joan da 22ra: Aimarri eskuineko marraz kanpora joan zaio pilota bat, goiko koltxoira errestatu du hogeitabatgarrena, eta hogeitabigarrena Jokinek egin du zabalean tanto luze eta landua jokatu eta gero. Nekatua egongo zen, baina ez pott eginda. Altunak 22, Olaizolak 19, eta frontoia lertzeko zorian.

Zer esango dugu? Aimar Olaizolak esan du ezkerrak ez diola funtzionatu eta merezita irabazi diola Altunak. Honek esan du Aimarri bere erritmoan jokatzen ez uztera atera dela, eta, garaipen ikaragarria bada ere, ez duela ezer lortu eta Bengoetxearen aurkako partidan jarri behar duela gogoa.

Eta guk? Zer esango dugu guk? Hitzik gabe utzi gaituela, eta gaurkoa ikusi eta gero, mutil hau edozertarako gauza dela pentsa daitekeela. Lau terdiko Txapelketa Nagusiko azken laurdenetako ligaxkan sartzea eta pilotari hauen aurka jokatzea opari handia zela berarentzat esan zuen, eta gozatzera aterako zela; gozatu ez ezik irabazten gogotik ahaleginduko zela ere esan zuen. Zer esango diagu bada pilotazaleok? Hire gozamena gu guztion gozamena dela.

Partida hau irabazita, finalerdietan sartzeko ia aukerarik gabe utzi du gure eskuadeko beste ordezkaria, Iñaki Artola. Datorren asteburuan Olaizolak Artolari irabazten badio, Altunak gutxienez 13 tanto egin beharko dizkio Bengoetxeari sailkatuko bada. Iñakik irabazten badio goizuetarrari, horixe desio diogu Iñakiri, edozein gisatara sailkatua legoke Altuna. Gaur ikusi duguna ikusita kapaza da Altuna edozeini irabazteko, baina berak ondo esan duen bezala, oso partida zaila dauka Bengoetxearen aurka. Honek, jokoan dagoela erakutxi zigun joan den ostiralean Artolaren aurka jokatu zuenean. Bi pilotarion joko-estiloa kontuan, partida elektriko bat ikusi beharrean gaudela esango nuke. Ez da jenderik faltako frontoian.

Erik Jakak ezin Gorkaren aurka

Olaizola II-Altuna III.a partidaren aurretik Erik Jaka lizartzarrak Gorka errioxarraren aurka jokatu du promozioko finalerdietako ligaxkako lehen partida. 22 eta 16 galdu du partida gorabeheratsua jokatu eta gero: tanto bikainak jokatu ditu baina huts handiak ere bai; jarraikortasuna falta izan zaio. Ez ditu finalerako aukerak galdu oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!