Laja eta beste klasiko batzuk

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 2a, 11:06
Ingurutxoa dantzaren entsegu orokorra, Ugarteko frontoi berrituan.

Gaurtik hasi eta igandera arte Amezketako Ugarteko jaiak ospatuko dituzte, ohiko ekitaldiez beterik.

Festa guztiek izaten dituzten bere berezitasunak edo arrakastaren poderioz tradizio bihurtu diren ekitaldiak eta musikariak. Amezketako Ugarte auzoak ere baditu bereak, eta adibide bat Laja trikitilaria da. 50 urte baino gehiago pasa dira lehenengo aldiz izan zela Ugarteko festetan, eta ordudanik gutxitan huts egin du. Igande honetan, jaien hirugarren eta azken egunean, Ugarte berriro alaituko du bere doinuekin. «Lehen Landakandarekin etortzen zen, eta azken urteetan Mikelekin», dio Eider Amundarain jai batzordeko kideak. «Orain antolakuntzan gabiltzanok betidanik ezagutu dugu Ugarteko festetan Laja».

Gaur hasi eta hiru egunez ospatuko dituzte festak. Errosarioko Amaren festak dira izatez, eta horren berezko data urriaren 7a da. «Badira urte asko data horretatik gertuen dagoen asteburua hartzen dela, normalean aurrekoa», azaldu du Amundarainek. Egunez egun begiratuz gero, gaurkoan afariak du protagonismoa. «Frontoian egiten dugu, eta auzoko tabernatik zerbitzatzen da tokiko janaria: mondeju zopa, mondejua, ardi gisatua...», esan du Amundarainek. 90 pertsona inguru elkartuko dira. Ondoren, Izer eta Alabier trikitilarien emanaldia izango da, hori ere tradiziozkoa. Saioaren erdian, toka txapelketa egingo da, urtero indar gehiago hartzen doan ekitaldia.

Bigarren egunean, bi ekitaldi izaten dira nabarmenenak. Batetik, arratsaldean egiten den zaldi gaineko ibilalditxoak eta ondorengo txokolate jatea. Jende ugari joaten da, asko kanpokoak ere. Bestetik, gauean egiten den zahagi-ardoa. «Arrakasta handia du, Ugartekoa izandako jendea etortzen baita, familiak elkartzen dira... Oso giro berezia izaten da», dio Amundarainek.

Igandean, esan bezala, Laja eta Mikel ariko dira eguna alaitzen. Eta egun horretan, ingurutxoa dantzatuko dute. «Hemen inguruan Ugarten eta Bedaion egiten da. Aspalditik datorren tradizioa da, belaunaldiz belaunaldi pasa dena, eta aurten hamahiru bikote aterako gara», nabarmendu du Amundarainek. «Bikoteka egiten da dantza, gure gurasoek-eta egiten zutena, eta horri eusten diogu, gustatzen zaigu eta ilusio berezia egiten digun ekitaldia izaten da».

Bi 'inaugurazio'

Ugarteko festetan bi inaugurazio izango direla esan daiteke. Batetik, frontoiaren berritze lanak orain gutxi bukatuta, bihar egingo dira aurreneko pilota partidak. Ugarte bertako eta Amezketako gaztetxoak ariko dira jokoan. «Frontoia oso zahartuta, eta zorua eta paretak hondatuta zeuden, eta orain oso txukun geratu da».

Bestetik, Ugarteko elkartean ere berrikuntzak egin dira udan. Lehen bi zatitan zegoen eta orain espazio bakarrean utzi dute. «Batzuetan, bertan egiten ziren zenbait ekitalditan, banatu egin behar izaten zen bi espazio ezberdinetan, eta bazkideek erabaki zuten obra egin eta espazio bakarra uztea», azaldu du Amundarainek. «Dagoeneko, berrikuntza egin zenetik jendea ari da erabiltzen, baina batzuentzat lehenengo aldia izango da horrela ikusten dutena, batez ere festetan Ugartera itzultzen direnak».

Egitaraua

Urriak 2, ostirala

20:30. Kanpai jotze eta suziriak.

21:00. Herri afaria.

Ondoren. Trikitia Izer eta Alabierrekin.

Atsedenaldian. Toka Lehiaketa.

Urriak 3, larunbata

11:00. Gaztetxoen pilota partiduak:

- Etxeberria-Irastorza / Galarraga-Galartza

- Goñi-Sarasola / Etxeberria-Larrea

- Larrea-Balerdi / Etxeberria-Fernandez

- Beloki-Goñi / Sarasola-Alkain

- Ruiz-Goñi / Ermina-Mujika

13:00-14:30 eta 15:30-19:00. Puzgarriak eta beste hainbat jolas.

Arratsaldean zehar. Zaldian ibilalditxoak Ugarten zehar.

Segidan. Txokolatea bizkotxoekin elkarte aurrean.

21:00. Zahagi-ardoa.

22:30. Ansorregi eta Larrañagarekin trikitia.

Urriak 4, igandea

11:15. Meza nagusia.

Jarraian. Txakolin probaketa eta pintxoak plazan.

Bazkal aurretik. Laja eta Mikelen trkiti saioa.

18:00. Herri kirolak: 

Harrijasotzailea: Inaxio Peruren

Aizkolariak: Ugaitz Mugerza eta Jose Miel Mujika.

Ondoren. Ingurutxoa.

20:30. Sagardo probaketa.

Laja eta Mikelen trikitiarekin festei amaiera emango zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!