Amezketako udalaren aldeko epaia, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik

Tolosaldeko Ataria 2015ko ira. 16a, 12:23

Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Amezketako eta Gaintzako udalen aldeko epaiak argitara eman ditu, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak egindako errekerimenduen harira. Udalek euskara hutsean aritzeko eskubidea dutela nabarmendu du epaiak.

EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen diela nabarmendu du epaiak. Gainera, abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostuak ere ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Epaia errekurritzeko aukera du honek hurrengo egunetan.

Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen hitzetan, “albiste pozgarria da oraingoan epaitegietatik heldu dena. Gustura gaude, euskara hutsean bizitzeko eskubidea dugula argi nabarmentzen duelako, baina ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz. Lege-babesa behar dugu, eta ezinbestekoa da EAEko Udal Legea izango denak hori bermatzea eta behin betiko blindatzea euskara hutsean bizi ahal izateko eskubidea”.

Eskualdeko beste hamar udal, epaitegietan oraindik

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren udal gehienak, UEMA bera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urola Kostako Udal Elkartea auzibidean jarri zituen aurreko legealdian Carlos Urquijok. Sei multzotan banatzen dira helegiteak: UEMAko kide izatea, hizkuntza irizpideak, euskararen erabilera plana, kontratazio irizpideak, diru laguntzak, eta aktak zein erabakiak euskara hutsean bidaltzea.

Azken multzo honi dagozkion epaiak dira orain jakinarazi direnak, eta aldeko epai horrek bidea zabal diezaieke ataka berean dauden gainerako udalei ere. Hala ere, eskualdeko beste hamar udal oraindik epaiaren zain daude: Aduna, Albiztur, Altzo, Anoeta, Berastegi, Ibarra, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa eta Tolosa. Irurari, berriz, martxoan eman zion arrazoia epaitegiak. Beste zazpi udalei errekerimenduak bidali zizkien Urkijok:

Iturria: argia.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!