Joxan Tolosaren finalean Intxurreko bi pilotari egongo dira

Tolosaldeko Ataria 2015ko ira. 1a, 11:15

Kadete, gazte eta nagusien mailako finalak igandean izango dira, 17:00etan. Aratz Irazustabarrena eta Beñat Urretabizkaia izango dira bertan.

Intxurreko pilotariek Amezketako XXVI. Joxan Tolosa Txapelketaren finala jokatuko dute igandean, Larrunarri pilotalekuan. Buruz-buruko txapelketaren azken partidak 17:00etan hasiko dira, eta finalak hiru mailatan jokatuko dira. Ondorioz, hiru partidek osatuko dute igandeko esku pilota jaialdia.

Xalton Zabala antolatzailearen hitzetan txapelketa oso ondo joan da, eta partida bikainak ikusteko aukera izan dute: «jendea ere oso poliki ibili da, eta pegaren bat jartzekotan, egutegia aipatuko nuke. Finala Kontxako Banderarekin batera ez izateko, astebete aurreratu genuen, baina horrek, finalerdiak Antiguoko Txapelketarekin bat egitea ekarri du, eta hanka sartu dugu. Salaberriak eta Urizarrek ezin izan zuten finalerdia jokatu. Hurrengo urterako berriro finala atzeratu beharrean izango gara».
Finalerdiak iragan asteburuan jokatu ziren, ostiralean eta larunbatean. Neurketa horiek amaituta, finalak prest gelditu dira.

Kadeteetan Aranguren da Zabalarentzat faboritoa, baina Alberdi maila handiko pilotaria denez, edozer gauza gerta daitekeela dio amezketarrak. Gazteetan, Irazustabarrena alegiarrak Zubizarretaren aurka jokatuko du. Ataundarra aurrelari petoa da, tantoa erraz bukatzen duena. Alegiarrak joko hori gainditzen badu, finala irabazteko aukerak izango dituela dio Zabalak. Nagusietan, azkenik, Ogi Berri Txapelketako finala errepikatuko da: Santxo-Urretabizkaia. Partida ikusgarria aurreikusten da, eta txapela «gauza txikietan» erabakiko dela dio Xalton Zabalak.


Azkenik, Gipuzkoako pilota eskolen lana azpimarratu nahi izan du Zabalak, finaleko sei pilotari lurralde horretakoak izango direla gogoratuz. Eskoletan egiten den lana txalotu eta eskertu du amezketarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!