«Musika beti niri lotuta egon da»

Maier Ugartemendia 2015ko uzt. 26a, 08:00

Mikel F Krutzagak (Gernika, 1971) musika du pasio eta ofizio. Soinu ingeniari bezala definitzen du bere burua, eta hain zuzen ere, ingeniari lanak egin ditu hainbat musikarirentzat, baina baita zinema eta bideo-jokoen munduan ere. 

Sari asko eskuratu ditu, tartean Grammy Latino bat, Kepa Junkeraren K diskoan soinu ingeniari moduan parte hartzeagatik. Bere lanean igarotzen ditu eguneko ordu gehienak aspaldiko urteetan bizileku duen Amezketako estudioan.

Nola igaro zen musika zure afizio izatetik ofizio izatera?
Nire kasuan ez zen saltorik egon, zeren txiki-txikitatik musika, pintura eta gauza guzti hauek oso gustuko nituen. Musika ikasketak ere egin nituen; solfeo eta gitarra ikasketak. Gero, nire lagun batzuek rock talde bat sortu zuten eta ni eurekin egoten nintzen eta tekniko lanak egiten ere hasi nintzen. Orduan, hamabost edo hamasei urte inguru izango nituen, eta Gernika inguruko beste talde batzuei soinua jartzen ere hasi nintzen. Talde horietako bat Lugarri izan zen, Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta eta Beñat Sernak zuten folk taldea. Inguruko taldeei soinua jartzen nien bitartean, ikasten joan nintzen. Garai hartan kontzertuetan soinu frogetan soilik egon nintekeen, zeren gauean ez zidaten kalera ateratzen uzten. Edonola ere, musika beti niri lotuta egon da.

Horregatik, ikasketak ere hortik bideratu zenituen…
Institutua amaitu nuenean, nire buruari esan nion: Orain zer egingo dut? Espainian ez zegoen gaiari lotutako ezer ikasteko, eta Euskal Herrian soilik Bideo eta Zine Eskola zegoen; juxtu hasi berriak ziren, gainera. Bertan izena eman nuen, eta ikasketa horiek burutu nituen. Orduan ere jada Oskorrirekin hasi nintzen lanean, zuzenekoak eginez, eta soinuarekin lotura handiagoa izaten. Soinu ikasketekin eta musikan ikasitakoarekin, produkzio lanak egiten hasi nintzen.

Hala ere, ikasketa etengabekoa izango da ezta?
Bai, hemen egunero ikasi beharra dago. Lanbide guztiak bezala gurea oso luzea da, eta hemen gainera, teknologia egunero aldatzen doa eta egunero ikasi behar dituzu gauza eta forma berriak. Lehen zerbait grabatzeko gutxienekoa jendea elkartzea zen, gaur egun, ordea, hori ere ez. Pentsa, lan batzuk egiten ditut milaka kilometrora dagoen jendeak bidalita eta nik hemen nahastuta. Egunero egon behar duzu ikasten.

Izan ere, teknologiaren eboluzioak izugarrizko eragina izan du zuen lanean, ezta?
Ikaragarria. Hasi nintzenean bobina analogikoetan grabatzen zen. Zinta bakoitzak hogeita bi minutu zituen, eta bigarren batekin berrogei minutuko grabaketa osatzen zen: disko bat. Gaur egun, dena ordenagailuarekin egiten da, eta internet asko erabiltzen da, gero eta gehiago. Beraz, zeharo aldatu da.

Soinu ingeniari definitzen duzu zure burua. Soinua oinarri hartuta jarduera ezberdinak burutzen dituzulako al da?
Bai. Azken finean gaur egun lan egiteko nire abiapuntua teknologia da eta soinu ingeniari batek dauzkan lanabes eta armak lan egiteko. Baina, soinu aparatu guztiak ikusita elektronikako zerbait ematen duten arren, niretzako instrumentuak dira. Biolin bat edo gitarra bat bezala. Biolin batek nota bat ematen du, eta honek nota hori transformatu egiten du, baina biolin batetik bestera transfromatzen den bezala. Azkenean, zuk instrumentuak ez duen tinbre bat lortu dezakezu, normalean onerako eta kasu batzuetan txarrerako ere izan daiteke. Azkenean, musikaren parte bat lantzen duzu, entzutearena dena. Zure eskutik pasatzen da entzuten dena, eta hori, kokapenaren arabera, modu batera edo bestera entzuten da. Lehen teknologia ez zegoenean, hori musikari batetik bestera ezberdintzen zen: honek soinu hau dauka, eta beste honek bestea. Gaur hori aldatu daiteke. Zuk aparatuekin egiten duzuna da, musika aldatu, transformatu edo askotan den bezala mantendu. Azken finean, niretzako soinua eta musika gauza bera da; zeren azkenean beste instrumentu mota bat jotzen duzu, baina instrumentu bat da. Hor sormena sartzen da, musikaren sormena sartzen da, produkzioarekin lotuta egongo litzatekeena. Horregatik, askotan ingeniaria eta produktorea pertsona bera da. Zerbait hartzen duzu, eta beste zerbait sortzen duzu. Sormenari lotutako zati handia dago hor.

Estudioetan lan egiten 1997an hasi zinen. Nolakoa izan da zure estudioa ireki arteko ibilbidea?
Lehenengo Beasaingo Lain izeneko estudio txiki-txiki batean hasi nintzen lanean. Hor nire aurreneko hiru diskoak egin nituen: Aisterrazu da plaza aurrenekoa, Mikel Markezen lehen diska eta Mikel Urdangarinen lehenengo diskoa. Garai horretan denok hogei urte inguru izango genituen eta gure aurreneko lanak ziren. Gero, Amasako Izeta estudioetara pasa nintzen; horiek jada estudio handiagoak ziren eta hor urte batzuk pasa nituen disko pila bat eginez, kantari eta musikari askorekin, bai hemengoak eta baita kanpokoak ere. Eta Elkar-eko estudioan ere lan asko egin ditut; Elkar-eko produkzioak eta bestelakoak, Lertxundirenak esate baterako. Duela bost bat urte erabaki nuen nire estudio propioa izatea. Azken finean, zure estudioan erosoago zaude. Gauzak zuk nahi duzun lekuan daude, makinaria zure neurrira jarritakoa da eta lanak gusturago egiten duzu. Nire estudioa nahasketak eta lanen amaierak egiteko erabiltzen dut. Grabaketak egiteko produkzio motaren arabera estudio ezberdinetara joaten naiz: jazz-a bada Garateko estudiora, euskal musika grabatzera Elkar-era joaten naiz, eta orkestra sinfonikoak eta grabatzera askotan kanpora joaten naiz: Praga, Bratislava, Londres…

Zure estudioa Amezketan dago, askotan jendea harrituko da hemen horrelako estudio bat aurkitzean.
Bai. Lehen ezinezkoa zen nire estudioa nire etxean izatea. Lehen estudioak pabiloi handiak izan behar zuten, baina teknologia horrenbeste aldatu denez, etxean gela handi xamar bat izanez gero estudio bat izan dezakezu nahasketak eta horrelakoak egiteko. Amezketan dago, hemen bizi naizelako eta oso gustura, gainera.

Hala ere, munduko hainbat lekutara ere joaten zara lanera. Lan egiteko modua aldatzen al da?
Ez, nahiko antzekoa da. Protokolo edo forma batzuk daude lan egiteko, eta horiek gaur egun oso estandarizatuta daude. Hemen egiten diren lanak eta kanpokoak oso antzekoak dira, eta teknologia ere antzekoa erabiltzen da.

Duela gutxi Pragan izan zara, orkestra sinfonikoarekin grabaketak egiten. Horrelako grabaketa asko egiten dituzu?
Egia esan, ohitura handia daukat. Bratislavan gehiagotan egon naiz, dozena bat aldiz egonda nago. Londresen Abbey Road Studios-etan egon nintzen grabatzen. Pragan, Sofian, Mazedoniako orkestrarekin, Galiziako orkestrarekin, Bartzelonakoarekin, Euskadikoarekin edo Bilbokoarekin grabatu izan dut. Nahiko antzekoak dira guztiak. Hango orkestrek badute ofizio bat grabaketetarako, hemen orain arte jorratu ez dena. Pixkanaka irekitzen ari dira horretara. Normalean produkzioak agintzen du nora joan behar dudan, eta kasu honetan Mexikoko produkzio bat egiteko zuzenean Pragako orkestrarekin lotu zuten grabaketa. Beste kasu batzuetan, normalean bideo-jokoak-eta egin ditudanean, Londresera edo Bratislavara joan naiz. Lasa eta Zabalaren pelikula Sofian grabatu zen; Loreak, berriz, Bratislavan grabatu zen. Madrilen ere egun hauetan publizitate kanpaina baterako grabazioa egingo dute, niri internetez bidaliko didate eta nik Amezketatik Mexikora bidaliko dut, bertarako baita.

Mugarik ez dagoela dirudi…
Bai. Adibidez, aurreneko bideo-jokoa egin nuenean, grabazioa Bratislavan egin zen, pistak bidali zizkidaten, nik nahasketak konpositoreari Bartzelonara bidali nizkion, amaierako nahasketak Madrilera, Madrildik Londresera eta Londrestik Tokiora bidali zuten. Guzti hori egun batean, eta azkenean Tokiotik onarpena eman zioten.

Nola sortzen dira lotura horiek?
Normalean produkzio-etxe batek ekoizpen hori egiteko profesionalak behar ditu. Konpositoreak bilatzen dituzte, eta horrek ingeniaria bilatzen du. Kate horretan bazaude posible da konpositorea, hemengoa, Mexikokoa edo Pariskoa izatea. Orain Universal Franciarako lan bat egiten ari naiz eta konpositorea Pariskoa da. Azkenean, mundua zabaldu egiten da eta zure balioa hemendik kanpora ere ikusten bada, ez dago distantziaren mugarik. Adibidez, nik hemen play botoiari ematen badiot norbait egon daiteke hori entzuten munduko beste punta batean, eta gainera, skype bidez iritziak ematen. Beraz, hemen ondoan egongo balitz bezala da. Teknologiak horretan asko lagundu du. Kasu batzuetan onerako izan daiteke edo baita txarrerako ere; ate bat irekitzen da sartzeko eta ateratzeko. Adibidez, hemengo musikariak ere joan dira kanpora grabaketak egitera. Hori normala da azken finean. Globalizazioa da.

Oso estilo ezberdineko musikarekin lan egin duzu, ezta?
Bai. Niri musika estilo guztiak gustatzen zaizkit, eta denetarik izaten da. Proiektu polita bada, lagunak badituzu eta ikusten baduzu gauza polit bat atera daitekeela, edozein estilo da interesgarria; bai pop munduan, rockean, folkean, jazzean, elektronikan edo orkestran. Ni beti irekita nago, gauza berrietara. Gainera, gaur egun proiektu bat baino gehiago izaten dituzu irekita, eta normalean estilo ezberdinetakoak izaten dira. Orain, esaterako, elektronikako gauza bat eta jazzeko proiektu pare bat ditut. Esperientzia ezberdinak izatea oso interesgarria da. Esaterako, rockean ematen diren zenbait prozesu jazzean ere erabil daitezke. Oso aberasgarria da eta beti ikasten duzu.

Ba al duzu bereziki gustuko duzun musika estiloren bat?
Ez. Batzuetan esaten duzu kantu bat ondo dagoela, eta bi ere bai, baina hirugarrenetik aurrera nahikoa izaten da. Hala ere, hori ere asko aldatzen da musika hori egiten duenaren arabera. Adibidez, ni ez naiz Hego Amerikako musikaren oso zalea, bachata eta estilo hori. Baina, batzuetan kanta batzuk entzun eta oso politak eta oso ondo eginak iruditzen zaizkit. Gero irakurtzen dut nork egin duen eta pentsatzen dut honek edozein gauza eginda ere ondo egingo duela. Azken finean, musika erritmo bat eta melodia bat da, eta egiten duenaren arabera hori beti da polita.

Nazioartean lan asko egin duzu, baina euskal musikari handiekin lan egiteko aukera ere izan duzu.
Bai! Horretan zorte handia izan dut. Nik uste Euskal Herriko ia musikari guztiekin egin dudala lan: Oskorrirekin, Lertxundirekin, Anje Duhalde, Mixel Ducau, Joxean Goikoetxea, Alboka, Amaia Zubiria, Iñaki Salvador, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta… Musikari oso onekin egin dut topo, eta oso harro nago eurekin egindako lanekin. Euskal musika betidanik gustatu izan zait, eta gaur egun ere euskal musikara jotzeko joera dut. Atzerriko oso gauza politak daude, baina hemengoak ere oso ederrak dira.

Zineman ere egin duzu lan…
Zineman berrogei edo berrogeita hamar bat pelikula egingo nituen. Asko gustatzen zaidan zati bat da, gainera, zeren musika eta irudia lotzen duzu eta hor zerbait magikoa sortzen da askotan. Oso giro politak sortzen dira eta irudiarekin lan egitea ere oso polita iruditzen zait. Euskal Herrian zine konpositore onak egon dira, eta horretan ere zorte handia izan dut. Oso harrobi ona egon da hemen, oso konpositore onak: Bingen Mendizabal, Aritz Villodas, Aitor Amezaga, Juan Carlos Perez… Hemendik kanpo lan egitea ere egokitu zait, beste hainbat konpositorerekin: Manel Gel-Inglada, Oscar Araujo… Musika istorioari lotuta egoteak musika estilo bat eskatzen dizu. Esaterako, Loreak filmak estilo bat eskatzen zuen eta Lasa eta Zabalaren nahasketak beste estilo batekoa izan behar du. Edo umeentzako pelikula bat bada beste bat. Gainera, zu ere behartzen zaitu beste kolore eta bide batzuk sortzera.

Film sarituetan parte hartu duzu. 'Loreak' filmak, esaterako, arrakasta handia lortu du.
Bai, eta gainera, musika Goya sarietara izendatuta egon zen. Sergio de la Puenterekin marrazki bizidunetako film labur bat egin nuen, La casa Usher; duela gutxi hil den Christopher Lee aktoreak jarri zion ahotsa. Bada, pelikula horrek lortu zuen Oscar sarietako azken hamar aukeratuen artean egotea; horietako bost izaten dira izendatuak eta hau seigarren geratu zen. Horrek esan nahi du hemen badagoela maila handia duen jendea. Adibidez, Castlevania, Lords of Shadow bideo-jokoan ere parte hartu dut eta horrek ere sari asko eskuratu ditu, eta hemengo konpositoreek parte hartu dute.

Eta nolatan iritsi zinen bideo-jokoetan ere parte hartzera?
Kasu horretan, konpositorea jarri zen nirekin harremanetan, nire lan batzuk entzunak zituelako eta nirekin lan egitea gomendatu ziotelako. Hasieran ez zen hain handia izatekoa, baina egin ahala bideo-jokoa bera handitzen joan zen eta bideo-jokoetan Triple A deritzaionera iritsi zen; hau da, demagun Hollywooden Brad Pittek parte hartzen duen film baten tamainakoa litzatekeena, baina bideo-jokoetan. Sari asko jaso zituen, bai bideo-jokoak eta baita musikak ere. Eta geroztik elkarrekin lan ezberdinak egin ditugu, eta baita bideo-joko horren bigarren zatia ere. Azkenean, jendea zurekin harremanetan jartzen da zure lana nonbait entzun duelako edo norbaiti zuri buruz hitz egiten entzun diolako, eta horrelako konpositore ezberdinekin burutu ahal izan ditut proiektuak.

Egindako lanaren ondorio dira, beraz.
Nik uste dut bizitzan horrela izaten dela ia denarekin. Niretzako lan hau egitea zortedun izatea da, zeren lana nire gustukoa da, nire pasioa da eta horretan aritzea jada helburuaren zati handi bat lortzea da. Gero, askotan, gainera, sari bat jasotzen duzu; esate baterako, Kepa Junkerarekin Grammy bat jaso nuen. Baina, beste batzuetan agian ez; nahiz eta zuretzako agian lan ederra den egindakoa.

Musika krisian dagoela esaten dute. Horrela al da?
Musika krisi handi bat pasatzen ari da. Ez dira une onak inorentzat, ezta musikarentzat ere. Politikak kultura alde batera utzi du pentsatzen baita kultura dibertsiorako eta jairako bakarrik dela, eta ez da horrela. Kultura askoz gehiago da: espresatzea da, sentimendu batzuk adieraztea eta islatzea. Eta norberaren ikasketa prozesu horretan musika oso garrantzitsua da. Denok sentitu dugu kristoren alaitasuna musika bat jarrita edo guztioi ekarri dizkigu burura garai bateko sentimenduak, zerbait egiteko gogoa ematen digu edo norbait ulertzeko balio digu. Hori guztia erakustea da, kultura transmititzea da eta ez bakarrik sanferminetan musika jartzea; hori ere badela! Hori guztia ez dute oso serio hartzen eta pena da, zeren Euskal Herrian lan handia egin da ia desagertzeko zorian zegoen musika ateraz: txalaparta, alboka, kantu zaharrak… Lan handia egin ondoren, industria bat sortu zen, indar eta esfortzu eskergarekin, eta gaur egun musikaz bizitzeko aukera oso gutxi daude. Eta musikariak ezin badira horretaz bizi, ez da hemengo musikarik sortuko. Industriak ezin badu gure kultura mantendu, itxi egiten da eta ez da sortzen. Lehengo lekura itzuliz. Eta pena bat da. Gaur egun, esaterako, Oskorrik utzi egin behar du, eta ez du gustuz utziko. Talde bezala aukerarik ez duelako izango da, eta horrela daude talde ia guztiak. Musikarik ez badago, ez dago euskal musikarik, eta ez da euskal musika tradiziorik jarraituko, edo modu oso amateurrean egingo da. Ez du ezertarako balio antzoki handiak egitea, gero antzokia itxita baldin badago. Azken finean, musikariak eta musika sortzaileak bizirik badaude, gure kultura bizirik egongo da.

Babes falta sumatzen duzue, beraz.
Musikariak ezin dira horretaz bizi. Horretaz bizitzeko, urtean ez dakit zenbat kontzertu behar dituzu, eta gaur egun ez daude. Eta hori musikari handiei buruz hitz eginda. Gaur egun beste batzuetan babesa ikusten da, esaterako, kirol batzuetan; eta hori ondo dago. Baina, musikan babes bakarra turismoari begira egiten dena da. Kultur moduan babestea, adibidez alboka eskola bat sortuz hainbat irakaslerekin etab. hori ez da gertatzen.

Aurrera begira gelditzen al zaizu egitekorik oraindik?
Asko! Nahiz eta estilo ezberdinetan lan egin, beti daude proiektu eta gauza berriak egiteko. Azkenean, jende ezberdina elkartzen denean, bakoitzaren energia bildu egiten da eta horrek sortzeko gogoa ematen du. Jendearekin elkartze hori da indarra sortzen duena gauzak egiteko; eta sortzen den gauza berezi hori da egin, sortu edo sentitu nahi duzuna. Nik adibidez disko bat egiten dudanean, ordu pila bat pasatzen ditut kantu bera entzuten eta gero diskoa ateratzen denean agian ez duzu entzuten gehiago. Niretzako hori izan da unerik politena, lanean aritu naizenekoa. Amaitzen denean, beste zerbaitekin hasten naiz. Jendea entzuten hasten denean, nik ez dut gehiago entzuten, baina, handik urte batzuetara diskoa jartzean gogora etortzen zaizkit oroitzapenak; dena den, niretzat une politena prozesua da, sortzen ari naizenean, bukatu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!