Amezketako eguneko zentroa martxan jartzear

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 10a, 12:02

Bost pertsona behar dira zerbitzuari ekiteko, eta udalak deialdia egin du jendeak izena emateko

Amezketako kultur etxearen eraikinean, lehen solairuan, eguneko zentroarentzako azpiegitura prest dago. Orain martxan jartzea falta da, eta horretarako deialdia egin du Amezketako Udalak, interesa duten guztiek gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko. Iñaki Amundarain alkateak azaldu duenez, eguneko zentroa udalaren «apustua» da: «Garrantzi handia ematen diogu. Aurreko legealdian gure apustuetako bat izan zen eguneko zentroa martxan jartzea». Kultur etxearen eraikina udalak hartu zuenean orain bi legealdi, bertan jarri nahi zen zerbitzuetako bat eguneko zentroa zen. «Foru aldunditik diru laguntza asko ez zegoela azaldu ziguten, baina ikusi genuen udalaren baliabideekin obrak egin zitezkeela, eta aurrera egin genuen aurreko legealdian».

Eguneko zentroaren zerbitzuak interesa piztu du herrian. Herenegun arratsaldean egin zen gaiari buruzko bilera, eta 50 pertsona inguru izan ziren bertan. «Herrian egiten diren bilerak ez dira jendetsuak izaten, eta gustura gaude bilera horretarako jendeak eman zuen erantzunarekin», esan du Amundarainek. «Interesa sortu du, ea orain izena ematen duen jendeak, eta martxan jartzen dugun».

Foru aldunditik eskatzen dute gutxienez bost pertsonen konpromisoa proiektua aurkezteko, eta horrela aurrekontuetan sartu ahal izateko. Oraingoz pertsona batek eman du izena. Larraitz Agirre gizarte langileak azaldu duenez, «bileran zehaztu genuen bi asteko epea emango dugula jendeak izena emateko. Horrela, proiektua osatzen hasi, eta irailean aurkeztu ahal izateko».

Ziurrenik, datorren urtera arte ez da martxan hasiko. Besteak beste, foru aldundiak bere aurrekontuetan sartu behar du, hau da, baiezkoa eman behar dio. Gero, udalak ere erabaki behar du nola emango den kudeaketa, eta kanpoko enpresa bat bada horren kontratazioa egiteko deialdia ere egin behar da. Kontua da deialdia egin dela lehenbailehen jendearen interesa gauzatzeko izen emateetan eta proiektua egiten hasteko. «Jendeari esango nioke animatzeko. Udala apustua egiten ari da zerbitzu honekin. Gainera, plazan bertan dago, eta gazteei begira egiten den moduan, adinekoekin ere herrian bertan geratzea nahi da, eta ez horrelako zerbitzuak herritik kanpo jasotzea», esan du Agirrek.

6-8 pertsonentzako

Eguneko zentroak bi bainugela oso ditu, biak dutxarekin; gela bat ariketa fisikoa egiteko, hainbat gailuekin; gela bat medikuaren kontsulta egiteko edo familiari harrera egiteko; sukaldea; egongela handi bat, bai atsedena hartzeko, bai jangela moduan erabiltzeko edo beste jarduera batzuetarako; sarrera gela ere badu, armairu zabal batekin. 6-8 pertsonentzako zerbitzua emateko prestatuta dago eguneko zentroa.

Hainbat arrazoi izan daitezke onuraduna izateko, Agirrek azaldu duenez: «Pertsona batzuk egon daitezke ordu asko bakarrik etxean, familiakoek lana egiten dutelako, edo behar dute laguntzaren bat, eta etxez etxekoa ez da nahikoa». Eguneko zentroak eskaintzen duen zerbitzua goizetik arratsaldera arte izaten da, bertan bazkalduz eta merienda hartuz. «Onuraduna dagoeneko ez dago bakarrik, jende gehiagokin elkarbanatzen du eguna, eta hainbat jarduera egiteko ere aukera du ere bertan, tartean memoria landu, zenbait ariketa fisiko egin...».

Baldintza batzuk bete behar dira onuraduna izateko. Besteak beste, Gipuzkoan erroldatuta egon behar da. Bestalde, menpekotasun balorazioa eginda izan behar du, eta gero RAI balorazioa egiten zaio, ikusteko bere perfila zein zentro motarako egokia den.

Balorazioak egin ondoren, puntuaketa bat izaten du onuradunak eta foru aldundiaren zerrendan sartzen da, eta dauden plazen arabera bideratzen dira. Esaterako, zerbitzuan parte hartu duten onuradun amezketarrak Tolosara joan ohi dira. Foru aldundiaren diru laguntza ezinbestekoa da eguneko zentroa martxan jartzeko. Bestalde, onarudun bakoitzak eguneko 15,50 euro ordaindu behar ditu. Kuota hori Gipuzkoa osoan berdina da.

Abaltzisketan bilera

Amezketako eguneko zentroa irekia izango da, hau da, Amezketakoez gain, inguruko herrietako onuradunak ere egon daitezke bertan. Larraitz Agirre beste herri batzuetan ere gizarte langilea da, eta bilera bat antolatu du Abaltzisketan, Amezketako eguneko zentroaren berri emateko. Bilera uztailaren 16an, osteguna, 19:00etan izango da, Goibegi zentroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!