Ugarteko haurren irudimen amaiezina

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 9a, 11:30

Ugarten elkartzen diren haurrek zukua ateratzen diote udari, besteak beste, film bat grabatzen

Ondo pasatzeko oinarrizko elementua irudimena dela esan ohi da eta horretatik erruz du Ugarten udan elkartzen den haur kuadrillak. Batzuk bertan bizi dira, beste batzuk bertan igarotzen dituzte udako zenbait egun, eta guztiek partekatzen dute sorkuntzarako grina.

Horren adibide da aurten egiten ari diren filma. Dagoeneko ohitura bihurtzen ari da filma grabatzearena beren udako aisialdian, hirugarrena baita aurtengoa.

Grabaketa aurrera eramateko Eider Amundarainen laguntza izaten dute, Ugarten elkartzen diren haurretako biren ama. Irakaslea da eta horrelako ekimenak egin izan dituzte lana egiten duen eskolan. «Han ikasitakoa etxekoekin aprobetxatzeko asmoz hasi ginen grabaketak egiten», azaldu du. Haurrek pertsonaiak eta istorioa gertatzen den lekuak pentsatu ohi dituzte. Istorioaren ildo nagusia adostu eta pixkanaka osatzen joaten dira, bere hasiera, korapilo eta amaierarekin.

Hiru egunetan grabatu dute, eta agian uda amaitu bitartean beste filmeren bat grabatzeko asmoa gauzatuko dute. «Aurten ilusioa errekan grabatzea izan da, eta, besteak beste, filmean lamiak azalduko dira, Ugarten dagoen Lamitegi etxeari lotura eginez», esan du Amundarainek.

Ugarteko elkartea berritzen ari dira eta behin obrak bukatzen direnean eta filma editatuta dagoenean, asmoa dute bertan ikusteko, eta seguruena auzotarrak estreinaldira gonbidatzeko. Ekimenean ere Ugartem bizi diren bi haur sahararrek parte hartu dute, orain errefuxiatuen kanpamenduan daudenak, bueltan filma ikusteko asmoa dute.

Ez dira aspertzen haurrak Ugarten. «Hemen antolatu gabe ibiltzen dira jolasean, hasi goizetik eta gauera arte. Gauean ere festa egiten dute: jolasak, mozorroak, antzezlanak... inprobesaketari bidea ematen», esan du Amundarainek. Beraz, film bat egiteko proposamena jasotzean, ez zuten asko pentsatu martxan jartzeko.

«Giro ona dute auzoko haurrek, adin ezberdinetakoak elkartzen dira, neska eta mutilak, eta gustura ibiltzen dira», dio Larraitz Zubeldiak, beste bi haurren amak. «Giro berezia dute, irudimen asko eta gauzak egiteko gogoa».

Ez dago dudarik sorkuntzarako joera handia dutela, aurreko urtean Ugarteko festetan arropa desfilea ere antolatu baitzuten. Agian, laster, festetako egitarauan udan grabatutako filmaren proiekzioa sartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!