Amezketaren azken 400 urteak bi ikuspegi ezberdinetatik

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 17a, 09:20

Joxe Mari Oterminek idatziak, Amezketako historiari buruzko bi liburu argitaratu ditu udalak

Bi liburu berri idatzi ditu Joxe Mari Oterminek Amezketako historiari buruz, eta Amezketako Udalak argitaratu ditu, Salin bildumaren barruan. Amezketa urteen joanean 1615-2015 eta Amezketa, nor da nor, 1615-2015 dira hurrenez hurren argitalpenen izenburuak. Eta horiek erakusten dutenez, azken laurehun urteko historia islatzen du Oterminek. Izan ere, aurten bete da laugarren mendeurrena eskualdeko hainbat herri, tartean Amezketa, Tolosatik banandu zirela eta herri izaera hartu zutela.

Hasiera batean proiektua liburu bakar batean ateratzeko asmoz jarri zen martxan Otermin, baina bi zati izan behar zituela garbi izanez: «Batetik Amezketa 1615etik aurrera nola garatzen joan den, eta bestetik, 400 urte hauetan aldaketa horien protagonistak zeintzuk izan diren. Udaletik erantzuna liburu bakar bat egin beharrean bi egitearena izan zen».

Lehen liburuan, Amezketari buruzko hainbat alor hartzen ditu Oterminek nola aldatzen joan den azaltzeko: eskola mundua nola zen garai batean eta gaur egungo egoerara nola iritsi den; osasun arloan, garai bateko zirujauak, eta gero medikuak eta praktikanteak nola etorri ziren; industriaren munduan lehendabizikoak Aralarko minetan izan zirela eta egungo Ogi Berriraino; udaleko agintariak nola aukeratu izan diren... «Amezketan, instituzioa den alde horretatik, gauzak nola joan diren aztertzen saiatu naiz», azaldu du Oterminek, eta beste adibide batzuk ematen ditu: «Uraren ametsa, esaterako. Gaur hain arrunta iruditzen zaigun gaia, garai batean zenbat kostatu zen ura eramatea etxe bakoitzera. Demografiaz ere hitz egiten dut, euskarazko agiri zaharrena noizkoa den, kirolaren garapena ere bai, errepideak...».
 
1615ean, Amezketak udalerri izaera hartu zuenean, zenbat buruhauste eman zion diru hori itzuli beharrak nabarmendu du historialariak: «Izugarrizko zama izan zen agindutako diruari buelta ematea: herri lurrak saldu, etxeei eta bizilagunei dirua eskatu,... Amezketari gutxienez 60-80 urte kostatu zitzaion egoera horri arnasa ematen. Debako familia aberats batek eman zuen dirua, eta gero asko kostatu zitzaion familia horri Amezketatik dirua itzultzea. Tolosako emakume batengana ere jo zuen diru eske Amezketak». Hainbat udalerri banandu ziren Tolosatik urte horretan, baina ahalegin horretan gehien bereizi zirenak Andoain, «hau aurrena, kolorerik gabe», eta Amezketa izan zirela dio Oterminek: «Eta gauza askotan Andoain eta Amezketa elkarrekin joan ziren».

Amezketako oinetxearen, Jauregi Haundi, historia ere txertatu du, baita Beasaingo Iartzakoarekin eta Hernaniko Altzagakoarekin zer lotura zituen azaldu. «Herriaren eboluzioa, garapena nola joan den argitzea da liburuaren helburua», dio. «Azkeneko laurehun urteetan biztanle gutxien izan dituen garaia hauxe da. Une batzuetan 1.600-1.700 biztanle inguru izatera iritsitakoa da. Garai hartan herri dezentea zen, neurri handi batean Aralarri esker. Herriko lurrek baserriak mantentzeko ematen zuten, eta horrez gain Aralarrek laguntza handia ematen zion ardiaren eta oro har ganaduaren bitartez».

Amezketan, denbora tarte horretan, garbi du zein den beretzat nabarmenena. «Benetako iraultza 1936. urtean paper fabrika martxan hasi zenean izan zen. Ordura arte herria erabat baserriari eta mendiari begira egon zen. Amezketak, herri askok bezala, mendi guarda bazuen, mendi basoak zaintzen zituena, herriak hortik ondasun izugarria ateratzen zuelako. 1950 inguru horretan, Amezketako azken guarda propioa galtzen da. Amezketak hortik aurrera mendiari eta baserriari asko begiratuko dio, baina konturatzen da beste moduak badaudela bizitzeko paper fabrikaren bidez eta izugarrizko aldakuntza hortik etorri zen». Genero aldetik ere aldaketa handia izan zen: «Benetako iraultza ere Amezketako emakumeei lana ematea izan zen paper fabrikarena. Aukera berri bat sortu zitzaion eta horrek izugarrizko aldaketa suposatu zuen». 1936an hasitako iraultza hori nolabait 1950ean gauzatu zela dio: «Azken mendi guardak azken aldiz langa itxi zuenean, aldaketa hori gauzatu zen. Harrezkero bi Amezketa oso ezberdin daude».

«Amezketako historia txikia»

Beste liburuan egin du izen propioak azaltzearen ahalegina. «Liburua egilearen ispilua da neurri batean», dio Oterminek. «Nahiz eta herriaren joanean garrantzi berezirik ez izan, niri istorio txikiak asko gustatzen zaizkit, eta horrelakoak bilatzen saiatu naiz, eta topatu ditudanean horiek ekarri ditut liburura». Guztira 375 biografia txiki daude, batzuk zabalago jorratuak. «Bigarren hau lehenengoari begira egindakoa da. Beste liburuan azaltzen diren gai eta fenomeno batzuei izen propioak jarriz. Batzuetan izen nabarmena dute, beste batzuetan txikiagoak. Amezketarren historia txikiak biltzen saiatu naiz, eta badakit beharbada merezi duten guztiak ez daudela, baina daudenak behintzat merezitakoak dira».

Esaterako, Joakin Goikoetxea Iturrioz aipatzen du Oterminek. «Bere istorioa asko gustatzen zait. Oso teilatu pobre batean jaiotakoa da, Saletxe Berrin. Euskal Herrian ibili zen lanean, Nafarroako baso eta errepideetan, eta gero Kanadara joan zen eta handik etorri eta Txillida eskultorearen laguntzailea izan zen. Nik badakit Amezketako historiari begira ez dela izugarrizko fenomenoa, baina Joakinek bere historia du, nola konpontzen zen eta zenbat sekretu txiki esaten zizkion Txillidak Joakini». Biografiak horiek Amezketaren historia osatu egiten dutela dio: «Kontatzen diren gauzekin, egin nahi izan dut Amezketa beste alderdi batetik osatu». Argazki dezente daudela nabarmendu, eta arlo guztietako pertsonak sartu dituela: kirol mundukoak, enpresakoak, apaizak, politikariak eta agintariak, artisauak...

Amezketan jaio ez, baina herriarekin zerikusia dutenak ere sartu ditu. Esaterako, Gerardo Abrego aipatzen du: «Gobernuaren erabakiz, indarrean zeuden udalak 1932an bertan behara utzi eta kudeaketa batzordeak antolatu ziren. Une horretan Abrego Amezketako maisua zen, oso gaztea, eta hilabete batzuz alkate izan zen. Maisu etorri eta alkate bilkatu».

Liburuko istorioak jasotzeko herritarrekin askotan egon da autorea, eta zeregin horretan argazki zaharrek asko lagundu diote. «Bestalde, harreman pertsonalen bitartez jaso dut informazioa. Egunkari zaharretan ere bilatu behar izan ditu istorioak».

Dozena bat urte daramatza Oterminek Amezketako historia arakatzen. «Lan horren ondorioz, batez ere Amezketaren bidea nolaka izan denaren ikuspegia dut». Guztira zazpi liburu osatu ditu. Azken bi horiek osagarriak direla dio eta Amezketari buruz urte horietan egindako «lan edo jolas honetan, horren fruitu edo laburpena izango litzateke».

Liburuen aurkezpena egin da eta herritarren ikusmina piztu dute beste behin. Aste honetan udalak etxez etxe liburu bana banatzeko asmoa du. Soberan geratzen direnak salgai izango dituzte udaletxean. «Historia liburuekin oso harreman ona dute amezketarrek», esan du Oterminek. «Historia duen herri bat da, emozioak dituena, eta hori bildu nahi izan dut liburuotan».

Aurrera begira, beste liburu bat du buruan, Amezketa eta kirola lotuko dituena. «Materiala biltzen ari naiz. Garai batean, eta korrikalari bati esker, Manuel Mujika, Amezketak bazuen sona. Horren inguruan korrikalari sail bat sortu zen eta oraindik bizirik dagoela esan daiteke, Iker Karreraren bitartez. Horrez aparte, harri famatu bat dugu, Albizuri Handi, nik uste baino historia handiagoa duena. Bestalde, frontoi zaharrak 125 urte ditu: Amezketan pilota oso errotua egon da eta oraindik dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!