Els Bastions lasterketa irabazi du Iker Karrerak

Ataria 2015eko ekainaren 9a

Argazkia: Suunto

Amezketarrak probako Ultra mailako errekorra gainditu du, gainera, 11:41:33ko denbora markatuz.

Vall de Ribes bailaran zehar jokatu zen, orotara 90 kilometroko ibilbidea zuen lasterketa gogorra. 6.000 metroko desnibela zuen ibilbideak, inguruko mendi esanguratsuenetatik pasaz: tartean, Covil pasalekua, Emperadora, Puigmal, Finestrelles, Eina, Noufonts, Noucreus, Balandrau eta Traga.

Karrerak oraindik ez ditu guztiz gainditu bere arazo fisikoak, baina asteburuan aurrerapauso bat gehiago emateko moduan izan zen. Lasterketa irabazi soilik ez, marka sei minutuan gainditzea lortu zuen Amezketako korrikalariak. Juan Jose Oliva izan zen bigarren, eta Ruben Bonak osatu zuen podiuma.

Probaren erdian, Karrerak erorikoa izan zuen eta lehian jarraitzea konplikatua ikusten zuen: "Puigmaletik behera erori naiz eta hasiera batean pentsatu nuen hor utziko nuela. Azkenean korrika jarraitu dut eta azkenean helmugaratzea lortu dut. Lasterketa psikologiko bat izan da, irautekoa" aitortu zien komunikabideei amaieran.

Gainontzean, "eroso" sentitu zela onartu zuen Karrerak: "Hasieran ohikoa baino gehiago gorde ditut indarrak, lesioak eragindako beldurragatik akaso, baina erritmo onean ibili naizela uste dut".

Karreraren hurrengo jomuga Hardrock 100 froga izango da, Estatu Batuetan, uztailaren 10ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!