Amezketatik Mantxara

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 29a, 12:31

Zer lotura dago Jauregi Haundi etxearen eta Cervantesen artean?

Istorio hau ez da Mantxako leku batean hasten, gazteleraz idatzita dagoen liburu ezagunena hasten den moduan, Amezketako dorretxean baizik, Jauregi Haundi izenekoa. Bi istorioak, ordea, lotuta daude, Juan de Amezketa dorretxeko jabea izan baitzen Miguel de Cervantesi baimena eman ziona Mantxako On Kixote idazteko, 1604an. Liburuaren lehen zatia 1605ean argitaratu zuen, Juan de Amezketaren baimena jaso eta urtebetera.

Juan de Amezketa Espainiako erregearen idazkaria zen garai hartan, eta hortik dator baimena ematearen arrazoia. Juan de Amezketaren aurretik, Jauregi Haundi dorretxearen jabea Francisco de Idiakez azkoitiarra zen, Madrilgo gortean ere idazkari, Joxe Mari Oterminek Amezketa etxez etxe liburuan jaso zuenez.

Jauregi Haundik garrantzi berezia izan du Amezketaren historian. Bailarako dorretxea zen, jauregia, eta bere lehen aipamena 1353an azaltzen da. Etxekoek Amezketa abizena hartzen zuten, eta herriak berak ere izen horixe hartu zuen. «Oinetxe handienen artean kokatu beharra dago», azaldu du Oterminek.

Garai hartan bestelako itxura zuen, egun duenarekin alderatuta. Izan ere, pentsatzen da bost solairu zituela. Enrike IV.ak 1457an murriztu zuen, leinuen arteko gatazka amaigabeekin bukatzeko asmoz. «Esaten da erregea bera etorri zela eta Lopez de Amezketa dorretxeko jauna bere zaldiaren gainean jarrarazi zuela. Lantzarekin ahal zuen gorena iristeko esan zion zaldunari, eta etxea maila horretaraino jaitsi behar zela. Egun dituen hiru solairuetan gelditu zen jauregia», azaldu du Gorka Garmendia historialariak. Beste hainbat dorretxetan, Loiolakoan esaterako, berdina egin zuen Enrique IV.ak.

Amezketako dorretxeari altura jaitsiarazi bazioten ere, gaur egun ere baditu hainbat ezaugarri zenbait mende atzerago izan zuen botere eta funtzioaren lekuko. «Defentsarako prestatuta, hormak ia bi metroko zabalera dute. Etxearen inguruan oraindik garai batean zegoen babes erretenaren aztarnak daude», azaldu du Garmendiak. «Gerora aldaketak izan bazituen ere, ate nagusia estua zuen, arerio zaldunak eta oinezkoak banaka sartzera derrigortuz, eta errazago aurre egiteko». Bestalde, Garmendiak jauregian sagardoa egiten zela nabarmendu du: «Arerioek jauregia inguratuz gero eta ur hornidura moztuz gero, ez zegoen modurik ura behar bezala gordetzeko, hau da, gaixotasunik sortu gabe. Horretarako sagardoa zen egokia. Bale arrantzale euskaldunek ere sagardoa eramaten zuten bere itsasontzietan».

Lantza hoberenak

Jauregi Handikoak oinaztarrak ziren eta Gipuzkoako lantza hoberenak. Hain justu, bada istorio bat zalduntza, Amezketa eta Ezpeleta lotzen dituena, eta protagonista Juan Lopez de Amezketa da, Enrike IV.ak dorretxea murriztuarazi ziona. «Zaila da askotan bereiztea zer den kondaira eta zer benetan gertatutakoa», argitu ondoren, Oterminek istorioaren laburpena egiten du: «Iparraldean, Ezpeletako nagusia eta Senpereko jaunaren arteko harremana gatazkatsua zen. Borroka batean Ezpeletakoak Senperekoa hil zuen. Senpereko familia Gipuzkoara etorri zen, hemen zegoen lantzaririk hoberenaren bila, eta esan zioten Amezketan zegoela: Juan Lopez de Amezketa. Hau Iparraldera joan eta bankete baten ondoren-edo Ezpeletako jaunari desafioa bota, eta azkenean hil egin zuen. Ez dago oso garbi Senpereko alabarekin elkartuta zegoen ala borroka izan eta gero ezkondu zen. Baina, gerora Senpereko familia eta Amezketakoa elkartuta azaltzen dira. Kasualitatea izan daiteke, baina Jauregi Haunditik gertu bada etxe bat Senperenea izena duena».

Enrique IV.ak etxea murrizteko agindua eta gero, etxea berriro jasotzeko baimena eman zuen 1494 urtean Isabel I.a erreginak, baina gerrarako ez zezala balio esanez. «Besteak beste, saietera esaten zaien leiho estu horiei gabe osatzeko agindu zuen», azaldu du Oterminek. Urte horretakoa da egun etxearen fatxadan dagoen armarria. Isabel Katolikoa aipatuz, Garmendiak une historiko bat nabarmendu du: «Fernando Katolikoak euskaldunon foruak sinatu ondoren, euskaldun jauntxoek, tartean Amezketakoak, Isabel erreginak ere sinatu behar zuela eskatu zuten. 1483an egin zuen, Gernikan. Horrek erakusten du, errege batzuen alde egin arren, euskaldun bezala sentitzen zirela».

Ez dago garbi Amezketako leinutik nola pasa zen Idiazkezen eskuetara. Ondoren, aurretik aipatu moduan, Cervantesen liburu ezaguna argitaratzeko baimena eman zuen Juan de Amezketa izan zen jabea. Hau 1608an hil zen, eta Maria de Atxotegi bergararra utzi zuen alargun. Seme bat zuten, oso gazte hil zena. Maria de Atxotegiren bigarren senarraren artean eta haurra zaindu zuen gizonezkoaren artean auziak izan zituzten etxearen jabetzarengatik. Azkenik, 1617an Eraso eta Murgindueta familia nafarra egin zen etxearen eta bere ondasunen jabe, eta 1850. urte bitartean bere esku egon zen. Familia horrek ere botere handia izan zuen Amezketan.

Egun Jauregi Haundi etxearen jabeak Marisol Olano eta Jesus Galartza dira. Beheko solairua XVI. mendean girotua dute, Garmendiaren laguntzarekin osatua. Sagardoa egiteari lotutako hainbat antzinako tresna daude: orain bost mendeko kupela, sagarrak txikitzeko pisoiak, antzinako lisuharria... Zaldunen eta leinuek Gipuzkoan agintzen zuten garai haietara bidaia egitea da beheko solairu horretara sartzea. Bertan, sagardoa dastatuz eta etxearen historia errepasatuz, Garmendiak On Kixote ekarri du gogora: «Euskaldun batek eman zuen gazteleraz idatzita dagoen libururik ezagunena publikatzeko baimena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!