Hauteskundeak 2015. Emaitzak

Amezketan, EH Bildu garaile

Ataria 2015eko maiatzaren 24a

EH Bilduk irabazi du Amezketan, 308 boto eskuratuta; Koalizioak bost zinegotzi izango ditu, eta Auzolanean plataformak, bi, 128 boto eskuratu ondoren.

Iñaki Amundarainek errepikatuko du beste lau urtez Amezketako alkatetzan. 2011ko hauteskundeekin alderatuta atzokoan 64 boto gutxiago lortu zituen atzokoan EH Bilduk. Alkateak herritarren parte hartze baxuaz kexu zen atzoko datuak ezagutzeko orduan: «Espero genuen, udal kontuetan jendeak duen interes gutxi ikusita».

Jendearen parte hartze jaitsierak eragin du zinegotzi bat galtzeak, izan ere Amezketa Auzolanean plataformak boto kopurua mantendu du. 2011ko udal eta foru hauteskundetan Amezketarrok Elkar Lanean orduan deiturikoak 120 boto eskuratu zituen eta atzokoan 128 boto izan ziren Amezketa Auzolanean taldearentzat.
Iñaki Amundarain pozik azaldu zen eskuratutako Amezketako alkatetzarekin. «Animoz eta gogoz» zegoela adierazi zuen amezketarrak. Hau da, datozen lau urteei ekiteko prest: «Pena zinegotzi bat galdu dugulako baina ilusioz osatu dugun lantaldearekin».

Gauzak honela, Amezketako Udalaren osaketa zinegotziei erreparatuta horrela geratuko da datozen lau urteei begira: EH Bidu (5 zinegotzi) eta Amezketa Auzolanean (2 zinegotzi).

Julian Sagastumek datuak ezagutu bezain pronto «positibotzat» jo zuen eskuratutako emaitza: «Bilduk asko galdu du. Kastigua izan da. Jende asko ez da bozkatzera joan eta guk gure botoei eutsi diegu. Bilduri esker bigarren zinegotzia lortu dugu». Honela adierazi du Amezketa Auzolanean taldeko zerrendako bigarrenak, Amezketako alkate izandakoa eta berriro ere Amezketan zinegotzi izatera bueltatuko dena.
Abstentzio datuak aurten %36,6ean kokatu dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!