Altuna zazpian eduki du Olaizolak

Asier Imaz 2015ko mai. 18a, 20:54

Buruz buruko txapelketari agur esan dio amezketarrak, 22-8 galdu ondoren.

Jokin Altunaren eta Aimar Olaizolaren arteko partida Amezketan hasi zen jokatzen, 15:30ak inguruan. Ordu horretan, herritar ugarik autobusa hartu eta Iruñerako bideari ekin zioten. Alegiatik ere atera zen beste autobusa, txikiagoa, baina helmuga bera zuena.


Bidea entretenitua izan zen. Ez musika eta ez irrati, «txofer! 50 irrati zeudek hemen», zion bidaiari batek, animoso. 50 ez dakit, baina bat behintzat bazegoen. Amezketarren errekorren liburuan bere izena jarri zuen hark. Amezketa-Iruñea eta Iruñea-Amezketa ixildu gabe. Ez da broma. Ea nork puskatzen duen marka hori.


Nafarroako hiriburuan bi autobusetako bidaiariek bat egin zuten. Batzuk zuzenean Labriteko bidea hartu zuten, eta besteek, inguruko tabernak bisitatu zituzten, Altuna III.a jartzen zuen kamiseta soinean. Pilotalekuaren inguruan jende ugari zegoen ilaran, sarrerak erosteko zain. Pilotazaleen gustuko jaialdia inondik ere Labritekoa. Zain zeuden bitartean, korrikalariak ikusteko aukera izan zuten. «Duela gutxi pasa da Aimar Agirresarobe. Bigarren. Lehenengoa ez du urruti», esan zuten  bertan zeuden alegiarrek.


Untoria, Zubieta eta hirugarrena: Olaizola II.a. Jokin Altuna markagailuan aurretik hasi zen, bost tanto erraz eginaz. Hortik aurrera, goizuetarrak ezer gutxi egiteko aukera eman zion amezketarrari. Abantaila hartu arte, Olaizola II.a ez zen tantoa aurrean bukatzen saiatu. Atzera eta atzera jotzen zion, erabat. Aimar Olaizola horrela ikustea, harrigarria zen. Baita Jokin Altuna erabat zazpian ikustea ere. Markagailua 2-5 jarri zenean, amezketarrak atsedenaldia hartu zuen. Tantoan zehar ezker eskuan min hartu zuen, atzeko koadroetatik airez erantzuten ari zela. Gero arazorik gabe ibili arren, itsuraz behintzat, partida hortxe amaitu zen.


Labriteko zaletuek giroa jarri zuten, erreakzioren bat bilatu nahian. Baina Ekaitz Saralegik partida amaieran esan zuen bezala: «Aimarrek beste motor bat, beste golpe bat dauka. Hala eta guztiz ere, nahiz eta galdu, tanto guztiak ehuneko ehunean jokarazi dizkio Aimarri. Kalera joan arren, egin duen txapelketarekin harro egoteko moduan dago».


Joan bezala itzuli ziren amezketarrak herrira: euren pilotariarekin harro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!