Jokin Altunak dantzan ibili du Zubieta

Ataria 2015eko maiatzaren 11

22-4 irabazi dio Zubietari Beotibarren, eta buruz buruko txapelketaren final laurdenetan Olaizola izango du aurkari.

Jokin Altunak dantzan ibili du Aitor Zubieta. Amezketako aurrelariak partidatik erabat atera du Etxarriko atzelaria eta sakanarrak, 22ra iristea beste helbururik ez du izan, dena ahazteko. Azken emaitza: 4-22.

Tolosako Beotibar pilotalekuan esku pilota jaialdi ederra antolatu dute. Lehen partidan Artola-Untoriak Olaetxea-Albisuren aurka jokatu du. Lehenak izan dira irabazleak, 19-22. Hutsak izan dira partida horretako protagonistak, eta jarraikortasun gabeko lehia izan da. Amaieran, Artola izan da gehien asmatu duena, eta azken hiru tanto ederrekin iritsi dira alegiarra eta errioxarra 22ra.

Ondoren jokatu da buruz buruko txapelketako partida. Aitor Zubieta gogotsu irten da kantxara, Untoria eta Altunaren arteko partidatik ikasgaiak aterata. Sakea urdin suertatu da, eta Etxarrikoak ez du errioxarraren akats bera egin, hau da, ez da atzean zain geratu. Baina Jokin Altunak erakustaldia eskaini du, eta pilotaren arlo ugari utzi ditu agerian. Lehen hiru tantoak horren adibide: hiruretan Zubieta aurreratu zela sumatu du amezketarrak. Lehen sakea gurutzatua, ezker horma ukituz. Tanto. Bigarrenean ere Zubieta aurrean sumatu du, eta orduan, motz, bizi eta behetik atera du. Tanto. Hirugarrengoan gauza bera gertatu da, atzelaria aurrera eta sakatzailea dantzarako gogoz. Baino kasu horretan, zabalera atera dio. Tanto. Eta horrela, Aitor Zubieta bere onetik atera arte, ez da gelditu Jokin Altuna.

Ez da pilotaririk indartsuena. Hurrengo partidan Aimar Olaizola izango du aurrean, eta sufritzea tokatuko zaio agian. Baino gaur partida ikusgarria jokatu du eta aurkaria etxera joan nahian ibili du. Baina esan bezala, hurrengo partida Aimar Olaizolaren aurkakoa da, eta Goizuetako txapelduna, agian, amezketarra dantzan ibiltzeko gogoz aterako da. Normalena hori izango litzateke. Baina kontuz.

Herriartekoa eta Berria

Profesionalak, afizionatuak, haurrak... asteburuan pilota han eta hemen izan da Tolosaldean. Bi txapelketa berezi ere jokatu dira. Berria Txapelketaren barruan, Amezketako Zazpi Iturrik Huarte utzi zuen kalean, 3-0 irabazi ondoren. Aurrera egitea espero zuenik bazen, baina emaitza horrekin? Inor gutxi. Bestalde, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen partidak jokatu ziren asteburuan. Eskualdeko hiru herri sartu ziren lehian, eta bik irabaztea lortu zuten: Bidania-Goiatzek eta Zizurkilek. Alegiak, aldiz, galdu egin zuen. Itzulerakoak geratzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!