Amezketako Zazpi Iturrik aurrera egin du Berria Txapelketan

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 9a

Final zortzirenetako partidak jokatu dituzte amezketarrek gaur Larrunarrin, Huarteren aurka. Hiru lehiak irabaztea lortu dute etxekoek.

Final laurdenetan Usurbilgo Pagazperen aurka jokatuko du Zazpi Iturrik. Partidak Tolosako Beotibarrera eraman nahi dituzte, maiatzaren 30eko asteburuan, elkarteko arduradunen esanetan.

Gaur arratsaldean, ordea, lehia gogorra zuten aurretik amezketarrek. Berria Txapelketa irabazteko faboritoetako bat zen Huarte. Baina Amezketatik egurra jasota joan behar izan dute, partidarik irabazi gabe.

Kadeteetan Alberdi-Zubeldia jaun eta jabe izan dira, eta kolorerik gabeko partida 1-22 irabazi dute. Zazpi Iturrirentzat lehen puntua izan da hori. Beste bat behar zuen, ondorioz, aurrera egiteko.

Bigarren partida jubenilena izan da. Zubizarreta-Erauskin ondo hasi dira, jokoarekin eta markagailuan aldea hartuta. Baina Huarteko bikotea ez zen nolanahikoa, eta Laso-Martijak buelta eman diote partidari. Irabaziko zutela zirudien, gainera, partidaren bigarren zatiari oso indartsu ekin baitiote. Ez da horrela izan, 21nakoaren ondoren, azken tantoa Zazpi Iturrikoek egin baitute. Bigarren puntu horrekin, Amezketako elkartekoek aurrera egin dute, final laurdenetara, baina hala eta guztiz ere nagusien partida jokatu dute. Peru Labakak eta Erostarbek, presiorik gabe, 22-14 irabazi diote Yoldi-Sarasa huartearrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!