Iker Karrera: "Azken etapan ez nion denborari begiratu"

Asier Imaz 2015ko mai. 4a, 19:37

Portugalen Peneda-Gerès Trail Adventure irabazi du amezketarrak, etapa guztietan nagusituz.

Iker Karrera igandean itzuli zen etxera, Portugalen lasterka ibili ondoren. Peneda-Gerés Trail Adventure proban parte hartu zuen amezketarrak, eta jaun eta jabe izan zen.

Trail-ak lau etapa zituen, eta Karrerak lauak irabaztea lortu zuen. Ondorioz, sailkapen nagusian lehen postuan amaitu zuen lasterketa, 11 ordu, 59 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Bigarrena Nuno Silva izan zen, 16 minutu eta 28 segundora. Hirugarren, Manuel Sanchez Capitanek bukatu zuen lau eguneko proba, irabazlearengandik  ordubete eta 42 segundora.

 

IKER KARRERAREN ESANAK: 

"Gure lasterketa lau etapakoa zen. Beste bat bazen zortzikoa baina guk hau egitea erabaki genuen. Alde batetik, zortzi egun ez nituelako, lana dela-eta. Eta bestetik, denboraldiaren altura honetan, lau eguneko distantzia nahikoa iruditzen zitzaigun; zortzi eguneko egurra sartzea gehiegi izango zelako". 

"Azken etapan Bejarko lagunarekin batera iritsi nintzen. Tarte handiarekin nenbilen, eta disfrutatzera atera nintzen. Lehen etapan segundo batzuetako aldea lortu nuen, baina gero minutuak gehitzen joan nintzen. Txirrindularitzan bezala, denborak gehitu egiten dira, amaierako sailkapen orokorra osatzeko". 

"Lehen etapa motxa zen, 15 kilometrokoa. Bigarrena 38koa zen, eta hirugarrena, berez, 65 kilometrokoa. Baina eguraldi txarra eta goran arriskua egon zitekeelakoan, antolatzaileak laburtzea erabaki zuten, eta 50ean utzi zuten. Laugarrena eta azkena ere motxa zen, 16 kilometrokoa".

"Eguraldia oso txarra izan zen, eta lekuak merezi duen adina ez genuen gozatzeko aukera izan. Baina jende ezaguna, ezezaguna, jende berria... eta familiaren konpainiarekin ondo ibili gera, egun batzuk txukunak pasatzen".

"Orain, ekainaren hasieran, 90 kilometroko proba bat egingo dut Pirinioetan, gogorragoa izango da hori. Gero, uztailan, Estatu Batuetan Hard Rock Trail proba nahiko garrantzitsua egingo dut. Eta gero, nire kasara erronka bat egiteko asmoa ere badut".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!