Apustu bat, bi irabazle

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 23a, 10:17

Apustua egin dute Imanol Artola eta Julen Goñi amezketarrek. Jokoan, ohorea eta bazkari bat izan dute.

Bazkari batean sortu zen apustua. Hain justu, beste apustu baten ondorenean. Imanol Artola eta Julen Goñi amezketarrek ondokoa adostu zuten: kilometro bat igeri Tolosako Usabal kiroldegian, handik bizikletan Larraitzeraino, eta gero Txindoki igotzea. Jokoan: ohorea eta besteari bazkaria ordaintzea. Ohorea ez zuen inork galdu, biak irabazle sentitu zirelako. Bazkaria Goñik Artolari ordaindu zion, lau minutu atera baitzizkion.

Artola izan zen aurretik ere apustua jokatu zuena: «Kuadrillako batekin egin nuen apustua, Tolosatik Larraitzera bizikletan eta gero Txindokira. Bedaioko ostatuan bazkaltzen ari ginela, Julenen kuadrillakoekin elkartu ginen, eta ardo putzu bat edan eta gero, apustua bota nuen nahi zuenari zuzendua, egun horretan egindako berdina, eta horrez gain kilometro bat igerian». Goñik ez zuen egun horretan erantzun: «Nik entzun nuen, unean bertan pentsatu egin nuen, ez nuen segituan erantzun, eta handik hilabetera esan nion Imanoli apustua onartzen nuela eta prestaketekin hasi ginen». Azkenean aurreko igandean jokatu zuten eta Artolak 2 ordu eta 2 minutu behar izan zituen eta Goñik 2 ordu eta 6 minutu.

Denbora inguru horietan ibiliko zirela bazekiten, baina ez zuten espero apustuak izan duen oihartzuna. «Jende asko elkartu zen, ikaragarri», diote biek. Artolak gogoan du igerilekuko kafetegiko kristaldegia jendez beteta ikusten zela, eta kiroldegiaren kanpoaldean 50 pertsona inguru izango zirela. «Bizikletan joaterakoan, atzetik autoak zihoazen, gero aurreratu, gelditu bazterrean eta animatzen aritzen ziren», esan du Artolak. Amezketan bertan ere jende asko izan zen eta baita Larraitzen ere.

Errebantxa beharrik ez

Igerian aurretik jarri zen Artola eta abantailari eusten jakin zuen. Usabaleko aldageletan pasa behar zuten denborak ere balio zuen, eta gero bizikletan erabili behar zuen arroparekin egin zuen Artolak igeri. «Bizikletan banekien abantaila pixka bat aterako niola, eta gero bera mendian hobeto ibiliko zela, baina igerian zein ariko zen hobeto ez nuen argi», esan du Artolak. Goñik ez zuen esperotako hasiera izan: «Igerilekuan urduritasunarengatik gaizki hasi nintzen, betekadarekin, erritmoa ezin harturik. Imanol ikusten nuen aurrera zihoala, beraz orduan eta urduriago, eta lehenbailehen bukatzeko gogoarekin».

Lau minutuko aldea atera zion Artolak Goñiri igerilekuko proba amaituta. Bizikletan bukatzerakoan, eta Txindokiko igoera hasi aurretik, 12 minutukoa zen aldea. «Banekien ordekan denbora aterako zidala, eta gero aldapa gora behintzat eutsi egingo niola», dio Goñik.

Txindokiko igoera Goñik azkarrago egin zuen, baina ez zen nahikoa izan. «Erlojuari ez nion kasu handirik egin igoeran. Korrika txikian hasi nintzen, baina ez oso gustura, gerriak eta hankak kargatuta sentitzen nituen. Aurrera joan ahala, baina, laguntzaileek eta bidean zegoen jendearen animoekin, azkenean gustura», esan du Goñik.

Bazkariarekin bukatu zuten apustua Amezketako Behartzana jatetxean. «Askok esaten zuten, egindako lanarentzako, apustu txikia zela», dio Goñik, eta Artolak jarraitu: «Baina hori dena egin eta galdu behar duenak asko galdu behar badu...». Aurrera begira ez dute elkarren artean apusturik ikusten. Goñik, bere aldetik, garbi du: «Errebantxa burutik pasa zait, baina gauzak hain ondo geratu dira, eta ni ere irabazle sentitzen naizenez, ez diot ikusten zentzurik berriz egiteari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!