Altunak oraindik aukerak ditu

Jexux Murua 2015eko apirilaren 20a

 1 1429535237554
 2 1429535239232
 3 1429535240638
 4 1429535241786
 5 1429535242996
 6 1429535244741
 7 1429535246371
 8 1429535247825
 9 1429535249210
 10 1429535250348
 11 1429535251515
 12 1429535252709
 13 1429535254086
 14 1429535255923
 15 1429535257184
 16 1429535258304
 17 1429535259454
 18 1429535260942
 19 1429535262658
 20 1429535263839
 21 1429535265020
 22 1429535266137
 23 1429535267317

Abel Barriolak ez du buruz-burukoa jokatuko. Horrez gain, Retegi Birekin zer gertatuko den ez dago argi. Une honetan, zortziko zerrendatik sei pilotari bakarrik ditu Aspek. 

Tolosako Beotibar frontoian igande arratsaldean jokatutako jaialdian, 22 eta 11 galdu zuen Altuna III.a pilotari amezketar gazteak. 19 urte bete berriak ditu. Buruz buruko Txapelketa Nagusiko atarikoa, Jon Jaunarena leitzarrak irabazi zuen.

Jaialdiko lehen partida izan zen, eta 16:30erako pilota aukeraketa egiten ari ziren bi pilotariak, Ekaitz Saralegi herritarrak lagunduta Jokin Altuna, eta bere aitaren laguntzarekin Jon Jaunarena. Jendea sartzen ari zen ordurako, 400 ikusle inguru bildu omen ziren, eta laster hasi ziren Altuna III.aren aldeko aupada eta oihuak.

Partida hasterako, lehia sakeak baldintzatuko zuela pentsatzen zutenen artekoa nintzen. Ez zen hala izan, zuzenean saketik egindako tantoak ez ziren asko izan: 3 egin zituen amezketarrak eta 4 leitzarrak. Jaunarenak bere kolpearekin partida hautsiko zuela usten zutenak ere ez ziren gutxi; Altuna III.ak bere talentu eta senarekin berdindu zezakeela usten genuen batzuk, halere. Lehenengoa ziotenek asmatu zuten.

Lehen sakea Jaunarenari egokitu zitzaion eta airez hartu zuen Altuna III.ak, gero, partidan zehar gehienetan egingo zuen bezala. Lehen hiru tantoak Jaunarenak egin zituen. Amezketarraren jarraitzaile min bat nuen alboan, eta "ez da gaizki ari delako baino” abisatu zidan. Jaunarenak bederatzigarrena egin zuenean (9-3), “gehiago jotzen du, zaila daukagu, oso zaila” abisatu zidan berriro. Jokin Altunak atsedena hartu zuen, eta bueltan hiru tanto bikain egin zituen, bat sake errematean, baina beste biak oso landuak, gogorrak eta ondo bukatuak (9-6).

Seigarren tantoa egin zuenean “kalitatea ere bai eeh! Kalitate handia dauka” abisatu zidan oraingoan alboko gizonak. Baina hurrengoan oso urrutitik botatako dejada lurrera joan zitzaion, eta “aaaah!” atera zitzaigun bioi. Lehen hamabi tantoetako gehienak gogorrak eta ondo jokatuak izan ziren, eta nekearen arrastoak agertzen hasiko zirela pentsatu nuen. Hortik, di-da batean, Jaunarena 17-6raino joan zen.

Leitzarra oso ondo jokatzen ari zen; sasoiko dago, eta pilota bizi-bizi ateratzen zaio bi eskuetatik, batik bat ezkerretik, eta hankek airoso eramaten dute edozein iskin edo txokora. Eta Altuna III.ak ez zirudien gauzak oso garbi zituenik; "orain ez, orain ez da ondo ari” esan zidan aldamenekoak. Tarte horretan izan zituen bai, tantoak, ohiko trebeziaz jokatu ez zituenak. Hortik 22ra bitartean (22-11) tantoak tartekatzen joan ziren. Azken tantoa partidako beste askoren antzekoa izan zen: Jaunarenak menderatu zuen, ezker paretan, bost t'erdi parean baztertu eta Altuna IIIa ezinean utzi arte.

Pilotari eta pilotazale gehienentzat txapelketa handiena denaren atarian geratu da aurtengoan amezketarra, Altuna IIIa. Jaunarenak buruz burukorako gaitasun apartak dituen pilotaria dela erakutsi zuen, baina lana egin arazi zion amezketarrak.  “Gutxi al da? San Joanetan debutatu zian-eta hemezortzi urterekin?” eman zidan azken abisua gizonak. Ez, ez da gutxi! Denbora gutxian gauza asko erakutsi ditu mutil honek. Buruz buruko frontoi osoko lanak buru eta gorputz zaildu eta gogortuak eskatzen ditu. Zerbait baldin badu alde Jokin Altunak, horretarako denbora da. Ikusiko dugu atariko langa hori pasatzen.

Tanto boladak: 3-0; 3-1; 6-1; 6-3; 9-3; 9-6; 17-6; 17-8; 20-8; 20-10; 21-11; 22-11.


Irujo eta Xala prest

Irujo-Irustak eta Xala- Merino I.ak jokatu zuten jaialdiko bigarren partida. Lehia polita izan zen eta maila oso ona eman zuten bi aurrelariek. Azkenean, 22-16 irabazi zuten Irujo-Irustak. Sasoi onean daudela erakutsi zuten Xalak eta Irujok. Biak hala biak tanto eder mordoxka jokatu eta pilatu zituzten.

Iribarriaren erakustaldia

Azkeneko partida Apezetxea-Zezilio eta Iribarria-Larrinagak jokatu zuten. 22-13 irabazi zuten azken hauek. Aramar gaztea izan zen, zalantzarik gabe, protagonista nagusia. Sekulako joa erakutsi zuen bi eskuekin eta 12 tanto egin zituen jokoan. Zeresana emango du pilotari honek ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!