Martxoan bi omenaldi jasoko ditu Ekaitz Saralegik

Asier Imaz 2015eko otsailaren 25a

Ekaitz Saralegik igande honetan jokatuko du bere agur partida, Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Begino izango du lagun amezketarrak, eta aurkariak: Altuna III-Larunbe. Partida 17:00etan hasiko da. 

Asegarcerekin hamalau urtez ibili da amezketarra, profesional modura. Bilboko enpresak, ordea, ez zion kontratua luzatu Saralegiri. Hasiera batean, agur partidarik ez zuela jokatuko zirudien, baina azkenean, lehia hori igande honetan izango da, bere herritarren aurrean eta pilotan hasi zen pilotalekuan.


Baina ez da hori izango amezketarrengandik jasoko duen omenaldi bakarra. Martxoaren 21ean, larunbata, herri bazkaria egingo dute Ekaitz Saralegi pilotariari eskerrak emateko. Urte guzti hauetan herritarrak inguruan izan ditu pilotariak, eta agurra esateko garaian, hauek omenaldia egin nahi izan diote.


Lehen hitzordua, beraz, kantxan bertan izango da, eta bigarrena, 20 egun beranduago, mahaiaren bueltan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!