Ekaitz Saralegiri ez dio kontratua luzatu Asegarcek

Asier Imaz 2015eko otsailaren 17a

Amezketako pilotariari otsailaren 28an bukatzen zitzaion Bilboko enpresarekin zuen lotura. Saralegik astelehenean jokatu zuen azken partida, Beotibarren.

Ekaitz Saralegiri kontratua ez luzatzea erabaki du Asegarcek, 14 urteko loturaren ostean. 2001ean egin zuen profesionaletan debuta amezketarrak. Abuztuan, 36 urte egingo ditu, eta hurrengo astetik aurrera, ez du Asegarceren kamisetarekin jokatuko.

Saralegiren azken partida inauterietan izan zen, astelehenean. 18-9 galdu zuen Olaetxea-Apraizen aurka, Larunbe lagun zuela. Partida amaitu ondoren, enpresako ordezkariek berarekin bilera hitzartu zuten, astearterako. Enpresaren bulegoetara joan, eta bertan eman zioten Saralegiri albistea. Bere azken partida Tolosan jokatutakoa izan zela jakinarazi zioten, gainera.

Bihar, Eutsi Goiari! kirol saioan izango da Ekaitz Saralegi, Ataria Irratian, 12:30etik 13:00etarako tartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!