Bi egun makilak euritan dantzatuz

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko ots. 16a, 12:07

Bi egunez aritu dira Amezketako Talai dantzariak baserriz baserri euri dantzan.

Goizeko 08:00etan zuten hitzordua jarrita talai dantzariek bai igandean eta baita atzo ere herriko inauterietako ohiturazko dantza baserriz baserri eramateko. Igandean Zubillaga, Ugarte eta Amezketa herria pasa bazituzten ere, atzokoan Bedaio eta Amezketako gainontzeko baserrien txanda izan zen. Abarka, zapi eta makilek askatu ezineko laguna izan dute aurtengoan: euria. Dantzariak nahitaez euri zaparradaz kanpotik busti dira baina barrukoa ere konpentsatu nahian herritarrek euren etxe eta soziedadeetan egindako eskaintzeei ezin muzin egin eta barrutik ere busti dira, «eguraldiari kontra egin eta berotu nahiean».

Neskei deialdi berezia luzatu zieten amezketarrek talaietan ateratzeko baina aurten ere neskek kale, trikitian soinua jarriz bai baina dantzan ez. Jokin Artolak hurrengo urterako esperantza dauka: «Ez dakit deialdiak ez duen arrakastarik edo gu, mutilok, ez ote dugun arrakastarik neskak animatzeko», dio umorez begiak hurrengo urtean jarririk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!