Lander Garro, irakurketa taldearen lehen gonbidatua

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 28a, 12:35

Zortzigarren ikasturteari hasiera eman berri diote Amezketako Irakurketa Taldekoek. Antton Amondarain elkarrizketatu dugu taldearen dinamikari buruz jakiteko:

 

Dagoeneko hasiera eman diote, Amezketako Irakurketa Taldekoek, zortzigarren ikasturteari. Urtarrilean hasi eta maiatzean amaituko dute hileroko irakurketen jarduera. Zortzi urte horietan hainbat eta hainbat liburu irakurri dituzte, berrogei inguru, eta beste hainbat idazleren presentziaz eta ekarpenez osatu dute taldekide bakoitzak aurrez egindako irakurketa saioa.

Horrela, 2015 honetan ere, euskarazko irakurketa bultzatu asmoz, eta Amezketako Udalak Idazleen Elkartearekin sinatutako akordioari esker, irakurri berri dute, lehen saio horretan, Lander Garroren Gerra txikia nobela. Hilabete izan dute irakurtzeko eta norbanakoaren aurrelanketan nabaritutako ustezko gabeziak eta indarguneak partekatu dituzte idazlearekin. «Eta frogatu dugu oraingoan ere idazlearen iritzi eta ekarpenek aberastu egiten dutela irakurleak aurrez egindako lana», zehaztu dute irakurketa taldeko kideek. «Gainera, pintxo eta ardo txurrutak direla tarteko, barrenak asetzeaz gain izpirituaren ateak irekitzen dituen mingaina ere dantzan jartzen dugu, eta osagai horiei guztiei esker lagunarteko saio gozoa lortzen dugu», gaineratu dute.

Hurrengo saioa otsailaren 24an izango dute eta bigarren irakurketa-tertulia horretarako Xabier Mendigurenen Arantzak barrurantz hautatu dute. Saioa doakoa, publikoa eta lagunartekoa denez, Amezketako jendea bertaratu dadin gonbidapena luzatu dute beste behin, «euskaraz irakurtzeko ohitura indartze aldera lagunarteko saio polita izango delako». 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!