Kontsorzioaren esku utzi du udalak uraren ziklo integralaren kudeaketa

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 22a, 11:37

Azpiegituran dauden ur galerei konponbidea ematea izan da erabakia hartzeko arrazoi nagusia. Entzun Xatur Zabala zinegotziari egindako elkarrizketa:

 


Amezketako Udalak azken osoko bilkuran erabaki du uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren esku uztea. «Erabakia hartzeko arrazoi nagusia herrian ditugun ur galera handiak dira», azaldu du Xatur Zabala zinegotziak. «Ur galera horiek bilatzeko zailtasunak ditugu eta ekonomikoki galera handia suposatzen dio udalari, urtean 40.000 eta 45.000 euro artekoa». Amezketan «urte dezentetan» ur galerak izan direla esan du Zabalak: «Kontsorzioak neurtzen du 117.000 m3 gastatzen direla Amezketan eta udaletik kontagailuetan 47.000 m3 direla jasotzen dugu».

Aurreko legealdian sistema bat ezarri zen ur galeren berri jakiteko. Neurgailuak jarri ziren eta ikusi zuten isuriak bazirela. Aditu batzuk aritu ziren isuri nagusi horietako bat bilatzen, baina azkenean ez zuten lortu, eta udalak etsi egin zuen bilaketa horretan.

Udalak sinatutako hitzarmenaren ondoren, orain Ur Kontsorzioak izango du azpiegituraren ardura eta berari egokituko zaio konponketa lanak egitea. Hitzarmen berriaren aurretik Amezketa Ur Kontsorzioaren barruan zegoen, baina herriko sarearen mantenua eta kontagailuen irakurketa udalak egiten zuen. Uraren ziklo integralaren kudeaketa bere gain hartzean, orain Ur Kontsorzioak egingo ditu lan horiek. Herritarrek, beraz, kudeaketaren inguruko kontu guztiak Ur Kontsorzioak Tolosan duen bulegoaren bitartez egin beharko dituzte, besteak beste, altak eta bajak ematea. Hain justu, aldaketa horren berri bando bidez jakinarazten ari zaie udala herritar guztiei.

Uraren fakturan ere aldaketa ekarriko du. «Kontsorzioak hiru kontzeptu kobratzen ditu fakturan: ura, saneamendua eta azpiegitura. Hitzarmen hori egitean udalak hainbat gastu gainetik kendu egin ditu, baina ez du nahi zama hori dena herritarrei botatzea», azaldu du Zabalak. «Kontsorzioak kobratzen duen kopuru finkoa udalak bere gain hartuko du. Horrela, 30 metro3 kontsumitzen duen etxe bateko faktura orain arte 30 euro izango litzateke hiruhilekoan. Orain Kontsorzioarekin 41,8 euro izango lirateke erabiltzailearentzat. Beraz, hileko lau euro gehiago ordainduko luke. Faktura osotasunean 57 euro ingurukoa izango zen eta udalak, bere aldetik, 15 euro inguru jarriko luke»

Ur Kontsorzioak ziklo integralaren kudeaketa hartzeko erabakia ez da betiko, eta, beraz, lehengoko egoerara itzultzeko aukera dagoela gaineratu du Zabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!