Gure Esku Dago ekimenaz jakin eta zabaltzeko aukera

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 20a, 19:48
Ion Telleria, 'Jostunak' dokumentalaren une batean.

Ion Telleriarekin solasaldia antolatu du Amezketako Gure Esku Dago taldeak. Ekitaldia bihar, asteazkena, izango da, 19:00etan, kultur etxean. Entzun Ion Telleriari egindako elkarrizketa:


 


Amezketako Gure Esku Dago taldeak solasaldia antolatu du Ion Telleriarekin. Gure Esku Dago ekimeneko kidea da Telleria idiazabaldarra eta ekimenetik orain berri egin den Jostunak dokumentalean parte hartu du. Solasaldia 19:00etan izango da, bihar, urtarrilak 21, kultur etxean. Ainitze Labaien Amezketako Gure Esku Dago taldeko kideak azaldu du ekitaldia antolatzearen arrazoia: «Gure Esku Dago dinamika hasi zenetik Amezketan egin ditugu batzar ireki batzuk eta azkenekoan ikusten genuen beharra genuela herritar gehiagorengan iristeko prestakuntza saio moduko bat egitea».

Gure Esku Dago ekimenetik horrelako saioak antolatzen ari dira herriz herri. «Guk ditugun galderak eta zalantzak azaltzeko aukera izango da», esan du Labaienek, eta herritar ororentzat zabalik dagoela gaineratu du.

Telleriak azaldu duenez, «bere garaian Gazta zati bat egin zenean, Nazioen Mundua dinamika esplikatzeko, orduan ere esperientzia hori herriz herri eramaten saiatu ginen, norberaren esperientziak besteentzako baliagarriak izan daitezkeela pentsatuz, eta harrera oso ona izan zuen». Telleriak gaineratu duenez, solasaldi horien helburua da «beste herrietan egiten diren esperientziak mahai gainean jartzea, norberak bere herrian dinamika nola landu ahal duen pentsatzeko eta hitz egiteko, eta, bestalde, besteek egindako horretatik ikasi eta ikusi norbere herrian antzeko ekimen bat nola garatu ahal den».

Euskal Herrian alderdi edo erreferentzia ideologikoen arabera funtzionatzeko joera dagoela esan du Telleriak. «Jende asko dago halere, batekin edo besteekin lotzen ez dena. Azkenean, norberak jartzen dituen planteamendu ezberdinez harago, kontziente gara erabakitzeko eskubidearen inguruan denak bat egiteko puntu bat dela». Aurrera egiteko, «guztiaren gainetik batzen gaituen horren bueltan nolabait dantzan jartzea» dela ideia gaineratu du. Giza katearekin «herriz herri sustraitzeko lehen lan hori» egin zela dio eta «lehen kolpean ikusi zen horrelako zerbaiten beharra sentitzen genuela, eta haren harrera izugarria izan zen».

Aurten hasi dira bidea marrazten. «Esaten dugu herri bat garela, herritarron garaia dela, erabakitzeko eskubidea dugula, baina kontua da nola eraman hori praktikara». Horri begira hiru urrats marraztu dituzte: «Borondatea ehundu, behin hori eginda nola eraman daitekeen erabaki hori praktikara, eta azken pausoa izango litzateke erabaki ahal izatea.  Orain lantzen ari garena da borondate horiek elkarri lotzea». Ehuntze lan horretan herrietan dauden taldeek, Amezketakoa kasu, «garrantzi osoa» dutela dio Telleriak. «Dinamika honen balio bakarra herriz herri sortzen ari den ekimena da. Hortxe dago dinamika honen indarra».

Amezketan ez dute maiztasun jakin bat elkartzeko, baina hilean behin-edo saiatzen dira biltzen, beti ere egutegiaren arabera. Norbaitek asmoa badu taldean parte hartzeko, kideren batengana zuzentzeko esan du Labaienek. Aurrera begira, Gure Esku Dagoren ekitaldi nagusia ekainaren 20ean izango da, eta apirilean izango den Ehuntze Egunari begira, Amezketan festatxo bat antolatzeko asmoa dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!