Nazio mailako finala, jai egun bilakatu dute Amezketan

Asier Imaz 2015ko urt. 14a, 16:58

Eta iritsi da esperotako eguna. Euskal Herriko Elkarteen Arteko Nazio Mailako I. Txapelketaren finala prest da. Igandean jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Parte hartu duten elkarte guztien arteko borroka gogorra izan da, euren pilotari izarrak kantxan jarriz. Gogorra eta kalitate handikoa. Baina final batean bi alde izaten direnez, bi elkarte bakarrik egongo dira igandean lehian: Galdakaoko Adiskide eta Usurbilgo Pagazpi.

Amezketako herriak esku zabalik hartu du txapelketa, eta baita bere antolatzaileak ere. Bizilagun askoren laguntza izugarria izan da. Eta eskertzeko, hilaren 18an jai handia antolatu da: dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, txalapartariak, dantzariak... Euskal Herriko puntu desberdinetatik etorritakoak guztiak, finala berotuko dute.

Izan ere, igandean, Amezketan, pilotaren festa egitea da helburua. 11:00etan Jauregi Haundin izango da lehen hitzordua. Juan Lopezen bizileku izandakoan pilotari ugari elkartuko dira, Jose Mari Oterminen gidaritzapean. Rekalde jatetxera joango dira guztiak erromerian, gerturatzen den ororekin batera. Bertan bazkaldu ondoren, Larrunarrirako bidea egingo dute, bi elkarteen arteko finala ikusteko.

Usurbil-Galdakao, finala

Eguneko protagonista nagusiak pilotalekuan egongo dira, 17:00etan hasiko den finalerako prestatzen.

Galdakaoko Adiskide Elkartea 1975. urtean sortu zuten bost pilotarik: Txaparrak, Olabarrik, Orrantiak, Ealok eta Eskalzak. Hiru helburu nagusi zituzten: pilota eskola, kultura eta kiroltasuna, eta lidertza. 39 urte hauetan ehunka haur eta gazte pasa dira elkartetik, eta egun, 51 pilotarik osatzen dute Adiskide. Hauei erakusten, Ander Oliden, Karmelo Ariznabarreta eta Joseba Bidaurre dabiltza.

Usurbilgo Pagazpi 1964. urtean sortu zuten, gaztetxoak euskal pilotara gerturatzeko helburuarekin. 50 urte beranduago, esku pilota, paleta goma, larruzko pala eta ezinduen talde batekin pala lantzen dituzte. Bi elkarteek bidean aurkari gogorrak utzi dituzte, Amezketan jokatzen ari den txapelketa honetan.

Bizkaitarrek eskualdeko bi ordezkariak kaleratu zituzten: Zazpi Iturri eta Aurrera Saiaz. Gipuzkoarrek, aldiz, Gasteizko Zaramaga eta Berako Bortziriak utzi dituzte kanpoan.

Pilotariz pilotari

Bi elkarteek kantxan jarriko dituzten pilotarien izenak ikusita, finala handia izango dela aurreikus daiteke.

Lehen partidan, Legorburu eta Urbietak neurtuko dituzte indarrak. Azken honek Usurbil ordezkatuko du. Asteasuarra zuntz hausturarekin geldi egon da azken hiru asteetan, eta ikusi beharko da nola erantzuten duen. Hala eta guztiz ere, afizionatu mailan erreferentzietako bat da Urbieta. Pilotan artista da asteasuarra, bi eskuekin gainera. Tantoa amaitzeko erraztasun handia du, eta lau t’erdiko kaiolara ederki egokitzen da. Horrez gain, pilota gogor astintzen du eskuin-ezker, eta jokaldia egiteko erraztasun guztiak bilatzen ditu. Azpimarratzekoak dira bere gantxoa, eta txokoan nahiz zabalean dejada egiteko duen gaitasuna. Beteranoaren aurkaria Legorburu gaztea izango da. Pilotari ikusgarria: erabateko artista. Lehen koadroetan edozer gauza egiteko gai da pilotarekin; benetan ikusgarria da. Defentsa handia du, batez ere, sotamanoarekin. Eta gozatuz gero, kontuz, defentsatik erasora pasatzeko erabiltzen baitu. Ezker bikaina dauka, eta besagain ikusgarriak egin ohi ditu. Gantxo luzeekin ere min handia egiten du. Kantxan guztia uzten duen pilotari horietakoa da Legorburu.

Bigarren partida buruz burukoa izango da. Atutxak Galdakao ordezkatuko du, eta Santxok Usurbil. Bizkaitar gaztea pilotari handia da. Kantxan ez du etsitzen, eta berarentzat ez dago ezinezko pilotarik. Gutxien espero duzunean, aurkaria dominatzera pasatzen da pilotakada izugarriekin. Izen handirik ez badu ere, edonori irabazteko gai da Unai Atutxa. Defentsa bikaina dauka, eta bostean jartzen denean, dena airez emateko gai da. Xabier Santxori gogotik lan egitea tokatuko zaio, Atutxari partida irabazi nahi baldin badio. Usurbildarra, ordea, buruz burukoan espezialista da. Jokatzen ikuste hutsa, gozamena da. Eskuinarekin pilota luze jartzen du, eta gainera, ezker horma bilatuz; aurkariaren airezko defentsa puskatuz, eta atzeko koadrotan lan egitera behartuz. Horrek, aurrean edozein unetan tantoa bukatzeko aukera ematen dio. Bere defentsa puskatzea, aldiz, oso zaila da. Aire bikaina dauka, eskuinez nahiz ezkerrez. Faborito argirik gabeko partida izango da bigarrena. Ikusteko, ordea, paregabea.

Azken eta hirugarren partida ikusgarria izan daiteke. Galdakaok Elezkano I.a eta Kerman Galarza jarriko ditu kantxan, eta Usurbilek, Quina eta Gorrotxategi. Bizkaitarren bikotea afizionatu mailan dagoen sendoenetakoa da. Lan handia eta ofizioa, horiek dira euren ezaugarriak. Elezkano aurrelariaren indarra, eskuinean, azpimarratzekoa da. Pilota txapa gainean mozten duenean, min handia egiten dio aurkariari. Tartea zabaltzen du golpe horrekin, atzelariari atseden emanaz, eta tantoa amaitzeko pilota onak sortuaz. Airez bikain moldatzen da, zabalean nahiz txokoan pilota jarriz. Bi pareta ederrak egiteko ere gaitasun berezia dauka. Atzean, pilotarik galtze ez duen Kerman Galarza izango du Elezkano I.ak. Atzelari dotorea da Galarza. Ikustea gozamena da. Pilota ezker horman sartzea eta partida luzeak jokatzea gustatzen zaio. Bere ofizioak eta fisikoak, aurkariari gailentzea dakar. Kasu honetan, parean, Gorrotxategi izango du. Hernaniarra Usurbilgo elkartean dabil, eta agian, afizionatuetan momenturik onenean dagoen pilotaria izango da. Dena irabazten ari den atzelaria da. Villabonako Antton Pebeten oroimenezkoan eta Zaldibarko txapelketan lortu ditu azken bi txapelak. Pilota ederki astintzen ari da, eta aurkaria 7 edo 8 koadroan edukitzen du. Huts egiten ikustea arraroa bilakatu da, beraz, aurrelariarentzat bermea da. Quina izango da usurbildarren aurrelaria. Aurreko koadroetan ikustea gustagarria da, nahasmen horretan jokatzea gustatzen baitzaio. Bere ezaugarri nagusiena, zabalean egiten dituen dejadak dira.

Igande honetan pilota jaialdi handia egongo da Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Ziur frontoia txiki geldituko dela, eta amezketarrek gainera, merezitako eguna bizitzeko aukera izango dute, jai giroan. Elkarteen herrietatik ere jende ugari etorriko da. Galdakaotik autobusak prest omen dituzte.

AMEZKETA
Urtarrilak 18, igandea, 17:00etan, finala

Lau t’erdian
Urbieta (Usurbil)
Legorburu (Galdakao)

Buruz-buru
Santxo (Usurbil)
Atutxa (Galdakao)

Binaka
Quina-Gorrotxategi (Usurbil)
Elezkano I-Galarza (Galdakao)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!