Usurbilek jokatuko du finala, Galdakaoren aurka

Asier Imaz 2015eko urtarrilaren 9a

Euskal Herriko Kluben Arteko I. Nazio Txapelketaren finala atzo iluntzean erabaki zen. Usurbilek Bortziri gainditu zuen, azken bi partidak irabazita.

Iragan asteburuan jokatzekoa zen finalerdia atzo amaitu zen. Lehen partidan Bortziriako pilotaria nagusitu zen, elkarteari puntu bat emanaz. Partida horren ondoren, kanporaketa bertan behera geratu zen, igandean, pilotalekuaren hezetasuna medio. Atzo jokatu ziren falta ziren bi partidak.

Buruz-burukoan, Santxok egurra eman zion Olaizolari, 18-4 irabaziz. Modu guztietako tantoak egin zituen usurbildarrak, sakez, bi paretez, dejadaz... Hasieran ordea, Olaizolak itsura bikaina erakutsi zuen. Lesakarra kantxan ongi kokatu zen, eta launako berdinketa ere lortu zuen. Ondoren, ordea, hutsak egiten hasi eta partida maldan gora jarri zitzaion. Erakustaldia, Santxok eman zuen, zaletuen gozamenerako. Garaipenarekin Usurbili puntu bat eman zion, berdinketa jarriaz markagailuan.

Hirugarren eta partida erabakigarria binaka jokatu zen. Mitxelena-Martinez Bortziriak ordezkatuz, eta Gorrotxategi-Elola Usurbilen elastikoarekin. 9-22 irabazi zuten azken hauek, euren elkarteari finalerako txartela emanaz. Beteranoak nagusitu ziren, beraz. Eta aipatzekoa da Gorrotxategik atzelaria izan arren aurrean jokatu zuela. Azken aldian dena irabaziz dabil usurbildarra, eta aurrelari bezala jokatuta ere, pilotari handi bat dela erakutsi zuen.

Finala hilaren 18an jokatuko da Amezketako Larrunarri pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Kantxan: Galdakao eta Usurbil, nor baino nor.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!