Altuna III.a, aurkariei hortzak erakutsiz

I. Urkizu / M. Iraola 2014ko abenduaren 30a

Merino II.ak eta berak partida estu jarri zieten Bengoetxea VI.ari eta Ibai Zabalari; 22-19 amaitu zen

Joan den astean Xalak bizkarrean min hartu zuela eta, Jokin Altuna amezketarrari Eskuz Binanako txapelketan estreinakoz aritzeko aukera suertatu zitzaion. Igandean egin zuen debuta, eta ez zen aurkarien aurrean kikildu.

Merino II. arekin bikotea osatuz, Bengoetxea VI.a eta Ibai Zabala izan zituzten aurkari kantxan, eta norgehiagoka ez zen, une bakar batez, gorrien alde nabarmen lerratu. Amezketarrari zertxobait kosta zitzaion partidan sartzea, baina, lehen tantoen ondoren, martxan jarri zituen trikimailu guztiak.

Altunaren erremate biziak Merino II.aren nagusitasunari gehituta, partida urdinen alde jarri zen, zazpi tanto jarraian egin eta 9-14 aurreratu baitziren markagailuan.

22ra heltzeko bide luzea zuten artean, ordea, eta Aspeko pilotarien akatsez baliatu ziren Asegarcekoak, norgehiagokari buelta emateko. Oinatz Bengoetxea ere une hartantxe esnatu zen, eta 14-17raino heltzea lortu zuten. Pilota txokoan utziz egin zituen tanto gehien, eta 22-19ko emaitzarekin, bigarren puntua lortu zuen bikote gorriak, txapelketan.

Artola eta Albisu, irregular

Tolosako Beotibarren lehiatu ziren, Artola eta Albisu, Ezkurdia eta Zabaletaren aurka. Ordura arte txapelketako bost partida jokatuak ziren, eta bostetan faboritoek huts egin zuten.

Ezkurdiak eta Zabaletak, ordea, ez zioten akatsari tarte handiegirik utzi, eta 22-11 gailendu zitzaizkien urdinei.

Artolak eta Albisuk zapore gazi-gozoarekin amaitu dituzte jokaturiko bi neurketak: batetik, porrotak izan dira biak eta, Alegiako aurrelariak ostiralean aitortu moduan, «ez dugu hoberena eman». Bestetik, ordea, tanto ederrak egin izan dituzte, eta horrek itxaropenari lekua utzi dio.

Datorren jardunaldian eskualdeko lehia eskainiko du binakakoak, Altuna III.a eta Merino II.a Artola eta Albisuren aurka ariko baitira. Gainera, partida Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da, urtarrilaren 6an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!