Fernando artzaina oroituko dute asteburuan

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 21a, 10:51
Aitzingo ordekako saroiaren zutarria, atzean Pardarri eta Ganbo mendiak ikusten direla.

Hitzaldia, Hiru t'erdiz Aurre Txapelketa finala, kale antzerkia eta Ardiki Festa antolatu dituzte

Fernando Amezketarraren urtea ari dira ospatzen aurten Amezketan, 250 urte bete baitira jaio zela, eta asteburu honetan Fernando artzaina ekarriko dute gogora. «Aspalditik buruan genuen zerbait zen», esan du Yolanda Gorostidi Kultura zinegotziak. «Azkenean Fernando bertsolaritzarekin lotzen da, baina gauza gehiago ere izan da. Horregatik, artzaina izan zenez, hori ere erakutsi nahi dugu eta horregatik antolatu ditugu ekitaldiak».

Lehenengo saioa hitzaldi bat izango da, Luis Mari Zalduak emango duena, Saroiak eta Amezketako SEL-eak izenekoa. Jokin Artolak azaldu duenez, «aurretik ere saiatu gara zerbait egiten, eta mendi ibilaldi bat egitea pentsatu izan dugu, bertatik bertara ikusteko saroiak, baina eguraldi txarra izan da beti». Oraingoan, beraz, aterpean egitea pentsatu dute, Luis Mari Zaldua gonbidatuz.

Artzainak garai batean lurra antolatzeko erabiltzen zuten metodo bat zen. «Erdian zutarri bat dute eta diametro jakin baten barruan markatzen du artzain leku baten eremua zein den», azaldu du Artolak. Gaur egun ezagutzen diren artzain leku gehienak saroien barruan dauden lekuak dira. «Hainbat dokumentu badaude, eta niri deigarria egiten zait orain mila urteko Nafarroako Erresumako dokumentu batean Amezketako lehen leku izenak azaltzen direnak saroi batzuen izenak direla», esan du Artolak. «Eta horietako batzuen izenak mila urte pasatu ondoren ere mantendu egin dira».


Pilota eta antzerkia

Hiru t'erdiz Aurre Txapelketa antolatu dute bigarren urtez herrian eta finala eta 3. eta 4. posturako partida asteburuan jokatuko dute. Joseba Irazusta da antolatzaileetako bat eta neurri horretan zergatik aritzen diren azaldu du: «Profesionalak lau t'erdian aritzen dira, eta haiek hainbeste kuadro beharko dituzte, baina guretzako, ikusita erabiltzen ditugun pilotak eta jendeak duen kolpearekin, nahikoa da hiru t'erdiz aurre aritzea».

26 pilotari aritu dira lehian. Finalerdiak jokatu dira aste honetan, eta hauek izan dira emaitzak: Egoitz 22, Beloki 16; eta Gallurralde 22, Altuna 15. Finala, beraz, Egoitzek eta Gallurraldek jokatuko dute, eta hirugarren posturako partida Belokik eta Altunak.

Pilotak ere badu bere lotura artzaintzarekin. Aralarko plano batzuetan pilotalekuak azaltzen direla azaldu du Irazustak. «Bertara joan, batez ere Jokin Artola aritu da horretan, eta zelai hutsak ikusten dira, paretarik gabe», dio Irazustak. «Hortik abiatuta Oiartzungo batzuekin harremanetan jarri ginen, eta garai bateko artzainek jokatzen dituzten joko batzuk berreskuratzen ari ziren, eta hemen ere horretan sartu ginen, eta Hiru t'erdiz Aurreko Txapelketa bukatzerakoan Paxaka Txapelketa antolatuko dugu».

Pilota partidak bukatuta, kale antzerkia egingo dute herritarrek, Fernando Amezketarrari lotzen zaizkion zenbait pasadizo antzeztuz. «Irakasle bati esker txiki txikitatik izan dugu eskolan antzerkia egiteko afizioa», azaldu du Artolak. «Eskola utzi ondoren egin ditugu herritarren artean antzezlanak, eta lehengo urtean beste pauso bat eman genuen, kale antzerkia eginez mitologia gai bezala hartuta».

Iazkoa «oso ondo» atera zen eta aurten Fernandorekin lotutako zerbait egitea pentsatu zuten amezketarrek. «Agustin Amiano eskolako irakasleari eskatu genion, Fernandoren inguruko gidoi bat egiteko. Horretan badu eskua, eta gidoi bat prestatu du hainbat pasadizo lotuz». Hamasei pertsona elkartu dira kale antzerkiaren ekimena aurrera eramateko.

Ikusi eta parte hartzeko

Artzaintza izango da erabateko protagonista igandean egingo den Ardiki Festan. Gazta eta gaztamanteka nola egiten den ikusteko aukera izango da, eta baita artilea nola lantzen den ere.

«Postuak jarriko ditugu ikusteko mondejuak nola egiten diren, nola jeizten diren ardiak, gazta nola egiten den... Eta horietan parte hartzeko ere aukera izango da», zehaztu du Gorostidik. «Batzuk herriko artzainak izango dira eta beste batzuk kanpotik etorritakoak».

Jateko eta edateko aukera ere izango da azokan bertan, postu bat izango baita ardiki pintxoak dastatu ahal izateko. Ardiki Festa plazan egiteko asmoa dute, baina eguraldi txarra izanez gero frontoian jarriko dute.

 

Egitaraua

Gaur, azaroak 21

19:00. Luis Mari Zalduaren eskutik, Saroiak eta Amezketako SEL-eak hitzaldia, kultur etxeko aretoan.

Bihar, azaroak 22

10:30. Hiru t'erdiz aurre, pilota torneoko finala eta 3. eta 4. posturako partida.

12:30. Sasturain atzeko aparkalekutik abiatuta, kale antzerkia, Fernando Amezketarraren pasadizoetan oinarrituta eta herritarrek antzeztua.

Etzi, azaroak 23

11:00-14:00. Ardiki Festa plazan (eguraldi txarra bada frontoian egingo da).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!