Konposta egiten dutenek gutxiago ordainduko dute tasetan

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 12a, 10:51
Auzokonposta egiten den guneetako bat. N.R.A.

Azken osoko bilkuran hartutako erabaki da; etxebizitza hutsei %50eko errekargua egitea ere onartu du udalbatzak

Amezketako Udalbatzak zenbait aldaketa egin ditu datorren urteko ordenantza fiskalen inguruan. Batetik, etxebizitza hutsei %50eko errekargua jarri zaie, eta bestetik, hondakin bilketako tasetan konpostajea egiten dutenak saritu dituzte.

Zenbakiak zehaztuz, ondorengoak izango dira 2015ean aplikatu diren kuotak: lur industrialean kokatutako ondasun hiritarrak, %0,2347; gainontzeko ondasun hiritarrak, %0,1798, eta %50eko errekargua hutsik dauden ondasun higiezin hiritarrei; landa ondasun higiezinen gaineko tasa, %0,7830.

Hondakin bilketari dagokionez, hainbat tarifa zehaztu dituzte. Aldaketa, konposta norberak egiten duen kasuan izango da: 84 eurotatik 42 eurotara jaitsiko da. Beste erdia udalak ordainduko du. Konposta norberak egitea, autokonpostajea eta auzokonpostajea hartzen du bere barruan. Konposta udalak egiten duenean, hau da, udaletxe ondoan dagoen edukiontzira organikoa botatzen dutenek 84 euro ordaindu beharko dituzte etxebizitza bakoitzeko. Kopuru guztiak urtean ordaindu beharrekoak dira.

Beste tarifa batzuk horrela geratzen dira: aktibitate txikiak, urtean konposta norberak egiten duen kasuan 42 euro, eta konposta udalak egiten duenean 84 euro; industriak, 476,25 euro; etxebizitza hutsak, 24 euro; dendak eta tabernak, konposta norberak egiten duen kasuan 84 euro, eta konposta udalak egiten duenean 196,25 euro; zerbitzu mugatua duten baserriak, 24 euro.

Hainbat mozio onartuta

Osoko bilkuran hainbat mozio zeuden gai zerrendan. Horietako bat Kutxabank-en ingurukoa izan zen. Mozioa aho batez onartu zen eta, besteak beste, Amezketako Udalak Kutxako batzarrari eskatzen dio «Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu duen eskualdatze-prozesu hori martxan jar dezala, Gipuzkoako Kutxa banku-fundazioa bihurtu ez dadin eta herritarren eta bertako instituzioen izaera publiko eta soziala bermatzen jarraitu ahal izateko».

Alkateen aukeraketari buruzkoa izan zen beste mozioetako bat, eta bertan, Madrilgo Gobernutik PP-k alkatea zuzenean zerrendarik bozkaturiko zerrendaburua izendatzeko burutu nahi duen lege aldaketaren aurkako jarrera adierazten du udalak.

Azkenik, osoko bilkuran emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira EH Bilduk egindako adierazpen instituzionalarekin bat egin du udalak, eta besteak beste ondorengo konpromioak hartu ditu: berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren giza-baliabide eta ekonomikoak ºindartuz, eta udalerrian eman litezkeen ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!