Merezitako omenaldia Fernando Amezketarra eta bere garaiko bertsolariei

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 13a, 15:45

Hitz zaharrak ahots berrietan eta hitz berriak doinu zaharretan entzun ahal izan ziren ostiralean.

Ostiral arratsaldeko zazpi eta erdiak pasatsu, eta bete-bete egina genuen Amezketako kultur etxeko areto nagusia hara inguratu ginen 120 lagun inguruk. Eñaut Agirre bertsolariak, Imanol Kamio piano joleak eta Aitor Atxega gitarra joleak ez zuten huts egin, eta ia 80 minutuko ekitaldia eskaini ziguten.

Fernandoren garaira eraman gintuzten Bixente Gorostidik prestatutako gidoiari jarraiki. Nahiz-eta orduko doinu eta kantatzeko moldeak ezezagunak zaizkigula esan sarreran, Agirrek, airean eraman gintuen garai haietara orduko bertsolarien hitz bizien bitartez: Fernando Amezketarra ardatz zela, bere lagun min Juan Inazio Zabala, amezketarra berau ere, Ametza, Mateo Peruetxenekoa, Txabalategi, Otxalde, Pastor Izuela, Etxahun… ekarri zizkigun, eta Amezketatik Alegia, Tolosa, Hernani, Lekunberri, baita Lapurdi eta Zuberoan barrena ere eraman gintuen. Haien bertso moldeaz, bertsoaz, bertsolarien bizibideaz, desafio grinaz eta adar jotzeko abilidadeaz jabetu eta aldi berean gozatu ahal izan genuen.

Talentu aparta du Eñaut Agirre hernaniarrak bertso kanturako. Bere ahots garbiak, ondo entonatuak, baina bertsolariek bere-bereak dituzten giroekin uztartuak, erraz bereganatzen du jendearen gogoa. Gustagarria benetan. Ez dakigu nola kantatzen zuen Fernando Amezketarrak, baina honelaxe irudikatu genuen ordubete batean. Saioa bukatu orduko, gizon heldu bat Agirrerengana inguratu eta esan zion: «Hoi dek hoi bertsok kantatzea! Bejondeiala!».

Bederatziak hamar gutxiagotan amaitu zen zortziak hogei gutxiagotan hasitakoa, txalo zaparrada bero eta luze batekin. Animatuko al ditu horrek Agirre eta bere lagunak Euskal Herriko plaza gehiagotara zabaltzera Fernando eta bere lagunen gaur 250 urteko bertso giro hura!

Handik Amezketako paper-fabrikako elkartera zuzendu ginen 80 bat lagun. Dena prest zuten Harituz Bertsozale Elkargunekoek heldu ginerako. Afalostean, bertso saio luze eta gustagarria eskaini ziguten eskualdeko bertsolariek Mendi gai-jartzaile zutela. Peñagarikano eta Telleria albizturtarrak, Irazu larrauldarra, Etxorde berastegiarra, Haritz Mujika asteasuarra eta Adur Gorostidi abaltzisketarra izan genituen protagonista. Bi albizturtarrek, ia-ia Fernandoren garairaino eraman gintuzten beren gaztetako kontuekin. Hurrengo saioan, Etxorde eta Peñagarikanok eguna argitu arte aritzeko pronto ziruditen. Afaltzera etorritakoak bertsolariei puntuak jartzen jarri zituen. Amaierarako Fernandoren garaitik heldu zaizkigun bederatziko neurrietan ere ausartu ziren. Parmurria ezpainetatik kendu ezinik zegoen elkarteko entzulea denbora guztian, eta askotan lehertu zen algaraka.

Halaxe bada, «Betroiaren» eta «Zaldi zuriaren» bederatziko doinuetan amaitu zen bertso-afaria ia bi orduko bertso saioa eta gero. Merezitako omena Fernando eta bere garaikideei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!