Fernando Amezketarrak, 250 urte

Imanol Garcia Landa / Mikel Iraola 2014ko urr. 10a, 08:00

Gaur bezalako egun batean, orain 250 urte, jaio zen Fernando Amezketarra. Berezko izena Fernando Bengoetxea Altuna zuen.

Fernando Amezketarrari buruz gehien dakienetakoa Joxe Mari Otermin bere herrikidea da. Ez alferrik bi liburu idatzi ditu, horietan bigarrena atzo bertan aurkeztu zuten Amezketan: Fernando Amezketarra 1764-2014, Auspoa bildumako 330. zenbakia. Lehenengo liburuaren xedea «amezketarrei Fernando izan zela eta Amezketan bere nondik norakoak erakustea» izan bazen, Oterminek bigarrengo liburu horrekin beste alderdi bat erakutsi nahi izan du: «Fernando ez da gizon xelebre bat eta momentu batean ez dakigu nola sortzen den pertsonaia bat. Fernando, azken batean, ahozko literatura guztietan egon den pertsona bat da, buruz argia eta ernea, baina berari  ipuin iturri bihurtu duten gauza asko eransten zaizkio. Euskal literaturan zalantzarik gabe, betekizun hori Fernandoren bizkarrera eraman zen».
Izan ere, garbi du Oterminek Fernando pertsona eta Fernando pertsonaia bereizi beharrak daudela: «XIX. mende bukaerako azken urte haietan, euskal aldizkariak sortu zirenean, Fernandoren figura behar zuten nolabait esateko. Hor egositako eta landutako figura bat da». Kultur ikuspegitik landu nahi izan du Oterminek bere bigarrengo liburuan: «Zeinen beharrezkoa zen Fernando hor egon zedin, eta zer-nolako erantzukizuna aitortu zioten Fernandori bere bizkarrean hainbat ipuin, kontakizun, ateraldi eta pasadizo erantsiz».

Datu «dezente»
Fernando Bengoetxeari buruz «gauza dezente» ezagutzen direla dio historialariak, «kontuan izanik ez zuela ardura handiko kargurik izan; artzain soil bat izan zela». Amezketan jaio zen 1764an, urriaren 10ean. «Gutxien dakiguna da bere haurtzaroa eta gaztaroa non pasa zituen», dio Oterminek. «Hor tesi txiki bat daukat, eta ez dakit norbaitek egunen batean frogatu ahal izango duen. Badakigu non pasatu zuen seguru asko bere haurtzaroa, Torrea etxean. Etxe horretan bizi ziren Fernandoren aiton-amonak eta nik errezeloa daukat bere gurasoek aiton-amonei utzi ziela».
Pixka bat koskortu zenean, Oterminek errezeloa du ez ote zen dagoeneko meategietan lanean hasi. «Garbi dago minetan lana egin zuela eta oso berandutxo arte egin zuela. Fernandok estereotipo asko ditu, eta egia da arketipo bat dela, eta horren alderdi bat da eskutxuria edo lan errezeloa edo alper samarra zela. Bada, meategiak itxi bitartean bertan lanean aritu zen, eta, beraz, hain alperra, hain axolagabea, hain kaskarina izan balitz, seguru asko ez zuten azkeneko egunera bitartean lanean izango».
Galartza Garaikoan bizi zela ere dokumentuek erakusten dute. «Egun batean alkateak deitu zuenean heriotza bati buruzko xehetasunak ematera, hildakoaren etxean hamabost urtez egondakoa zela esaten du, eta hildako hori Galartza Garaikoako seme bat zen, eta seguru asko hor ere bizi izan zen».
Meategiak itxi zirenean, 1799 urte inguru horretan, gauza esanguratsu bat gertatzen dela azaldu du Oterminek: «Urte inguru horretan daude Fernando plazaz plaza ibilitako bertsoen aipamenak. Lehenengoa da nola Azpeitira deitu zuten azpeitiar batekin bertsotan egitera eta 1799an izan ote zen. Fernando lanik gabe zegoen, meategietatik seguru asko bota berria zelako. Villabonako norgehiagokan epaile moduan 1800 inguru horretan izan zen. Eta Asteartitan bi-bitako egindako saio hura, Zabala lagun zuela, 1801ean edo 1802an izan zen».
1803tik hasten da ardiak hartzen, poliki-poliki: «Aurrenekoak 10 izan ziren, eta garai hartan baserria eta ardi apur horiekin lan egin zuen. Gero ardi gehiago izan zituen, eta hil zenean 120 ardi inguru zituen. Ordurako oso artalde polita zen hori».
Beste zenbait datu ere badaude bere bizitzari buruz: ezkondu eta Intxausti izeneko etxean jarri zen bizitzen eta seguru asko Azentzi Handi izeneko etxe batean hil zen. Horrez gain, 1817an Errosarioko Amaren kofradiako kide egin zen bera eta bere familiako asko.

Hiru plano
Bertsozaleak eta herri jendeak Fernandoren bertso asko eta asko hartu ditu gogoan, eta oraindik ere badauzka gogoan. Zentzu horretan bi gauza daude garbi Oterminen ustez: «Bertso hauek herriko bertsozale xeheak buruan hartu ditu eta guregana iritsi dira; eta, alderantziz, Fernandoren ateraldi eta gertaera xelebre gehientsuenak, denak ez esateagatik, Fernandoren pertzari zintzilikatutakoak dira. Seguru asko oso gutxi dira bereak, beste guztiak erantsitakoak dira». Horren inguruan liburuan aipamena bat egin du: «Fernando sortu ez balitz literaturan berak betetako eginkizun berbera beste norbaitek hartuko zuen. Eta niretzat hautagaia Aiako beste bertsolari bat, eta artzaina Fernando bezala, izango zen: Pastor Izuela. Antonio Zabalak liburu bat idatzi zuen Pastor Izuelari buruz, eta han badaude xehetasun batzuk Fernandori buruz esan direnak ere».
Zubi bat ere badagoela dio Oterminek, bertsolaritik bere figuraren inguruan sortu zen ipuin horien artekoa: «Antonio Zabalak ederki bereizten ditu: hizketako bertsoak, hau da, zuk galdera bat egin eta berak erriman segituan erantzun argi bat ematea. Horretan seguru asko Gregorio Mujikak-eta bildu zituzten bertsoak benetakoak izatea. Erantzun errimadunak ematea Fernandorena zen, eta horiek bai bereak izan daitezkeela, Pitxita eta Mas carga, mas carga izenez ezagunak direnak, esaterako».
Oterminek hiru plano bereizten ditu, beraz, Fernandori buruz hitz egiterakoan: «Batetik, bertsolaria, eta hor daude erretorearekin eta Zabalarekin egiten zituen bertso saioak udaletxeko tabernan. Bigarren planoan jarriko genituzke Fernandori bizkarreratzen zaizkion hizketako bertso horiek, eta hirugarren planoan egongo lirateke Fernandori ezartzen zaizkion ateraldi eta pasadizo horiek. Izugarrizko interesa sortu zuten, batez ere Gregorio Mujikak egindako liburuarekin asko hazi zen, baina Fernandoren biografiarekin zerikusirik ez dutenak dira». Oterminek garbi du: «Pertsona normala zen, buruz erabat ernea, baina beste gauza asko postizoak ditu bere biografian».
Fernandori buruz pentsatzean bi kontzeptu etortzen zaizkio Otermini burura: «Batetik, pobrea zela. Fernandok hilabete batzuk egin zituen kartzelan, bi ardi lapurtu eta modu txarrean saldu zituelako. Seguru asko premia larrian izango zen. Eta pobre izatea berak askotan aipatzen du bertsotan. Bestetik, nahiz eta pobre izan, duina izan zela, eta bertsotan hori ere esaten du, beste bati alkandora hobea izango duela bai, baina ez dela bere diruz ateratakoa izan, eta berea, berriz, bere dirutik ateratakoa izan dela esanez».
Aurten, Fernadoren Urtean, Amezketan egiten ari diren ekitaldiak Fernando gehiago ezagutzeko baliatzen ari dira. «Urte osoan egindako ekitaldietan euskaldungoak Fernandori aitortu dion gauzaren ispilu dira», dio Oterminek, eta adibide bat ematen du: «Euskaltzaindiak bilera bat egin zuen Amezketan, eta horrekin neurri batean garai batean adituek Fernandori erakusten zioten begirunearen ispilu izan zen».
Amezketan egun Fernando estimatu egiten dela esan du Oterminek. «Euskaldungoak ere ez du baztertua, 120 ardiren atzetik bertsotan ibiliko zen artzaina. Neurri handi batean artzain hark egiten gaituela gu amezketar, eta horren errekonozimendua dira aurtengo urtean egin diren ekitaldiak».

 

«Fernandok merezi bezalako urtea»

Dagoeneko urtebete bada herritar talde bat Fernando Urtea antolatzen hasi zela. «Hasiera batean oso urruti ikusten zen baina pixkana badoa urtea aurrera eta ekitaldiak ere bai», esan du Yolanda Gorostidi Kultura zinegotziak. Hasiera horietan kezka bazuten «ea Fernandoren izenaren tamainako ekimenak» antolatuko ote zituzten, baina egun kezka hori alde batera geratu dela dio. «Herrira etorri diren izenak oso ezagunak izan dira eta pisuzkoak; antolatu diren ekimenetan, berriz, herritar askok hartu dute parte eta amezketarrak ez diren beste jende asko izan dugu herrian. Beraz, oso gustura gaude orain arte egin dugun lanarekin».
Besteak beste, Euskaltzaindiak bere batzarretako bat egin du Amezketan eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren kontzertu bat eskaini da. «Sona horretako izenak herrian izateak urduritasun handia suposatzen du hasieran, baina gero betetasun handia ematen du». Gorostidik «emozio handia» bizitu du ikusleak eta parte hartzaileak gustura ikusi dituenean. «Zorionez ekimen guztiak oso ondo atera dira, beraz, Fernandok merezi bezalako urtea antolatu dugula esateko moduan gaude».
Fernando benetan bizi izan zen zalantzan jarri izan da batzuetan, eta antolatu diren ekitaldiekin erakutsi ahal izan da «Amezketan ibilitako pertsona izan zela, familia handi bateko aita langilea izan zela». Gorostidik gaineratu duenez, «niri pertsonalki ikaragarrizko zirrara eragiten dit udaletxera sartu eta pentsatzeak orain 250 urte Fernando hortxe ibilia zela».
Fernandoren Txokoak Ibilbidea izan da bultzatu den egitasmoetako bat. «Etortzen diren askok galdetzen dute nongoa ote zen Fernando», esan du Gorostidik. «Orain Fernandoren Txokoak Ibilbidearekin badugu erantzuna emateko modu egokia. Herriko txikiei, herriari buruzko historiaren zati txiki bat erakusteko modua ere bai».
Fernandoren Urtea ez da amaituko egunotan egiten ari den Kultur Astearekin. Aurrea begira ere hainbat egitasmo antolatu dituzte: «Bai azarorako eta baita abendurako ere badabilzkigu beste ekimen batzuk ahotan. Hiruterdizaurre pilota torneoa, Paxaka erakustaldia, Fernandorengan oinarritutako kale antzerkia... Urte bukaera ere beroa izango da Amezketan».

 

Fernandoren garaitik, gaurko bertsolarietara

Bertsolaritza da gaur protagonista, aurten Fernando Astea bihurtu den Amezketako kultur astean. Fernando Amezketarraren garaiko bertsoekin osatutako saioa izango da lehenengo, 19:30ean kultur aretoan, ondoren bertso afaria eskualdeko bertsolariekin.
Bixente Gorostidi bertsolari amezketarrak azaldu duenez, «urtean zehar Amezketan egiten diren bertso saioez gain, zerbait berezia egin nahi genuen». Hasieran pentsatu zuten eskualdeko bertsolariekin saio berezi bat egitea, gero Fernandoren garaian erabiltzen ziren neurri bereziekin saioa egitea ere proposatu zen; «oso argi ere ez zen ikusten hori nola egin, eta azkenean aukera batzuk kenduz hasi ginen, eta pentsatu genuen Fernandoren bertsoak musikatu eta herriari ezagutzera ematea».  
Lan horretarako Eñaut Agirre bertsolariarengan pentsatu zuten. «Horrelako lanetan espezialista da, aurretik egin ditu horrelakoak, eta berari galdetu genion ea zer iruditzen zitzaion, baietza eman zuen eta horrela hasi ginen prestaketa lanekin», zehaztu du Gorostidik. Saio berezi horretan, beraz, Eñaut Agirre hernaniarra ariko da abesten, Imanol Kamio piano jole hernaniarra eta Larraulen bizi den Aitor Atxega gitarra jolea lagun dituela. «Guri iruditzen zaigu emanaldi polita izango dela. Denbora askoz ari dira emanaldia lantzen, mimo handiz hartu dute. Eñautek bereziki landu nahi izan du garaiko giroa, bertsoak goitik behera aztertu, bertso sorta bakoitzarekin sarrera bat egin nahi du... Nik uste oso polita geratuko dela». Agirrek lehengoko bertso kantaera ederki abesten duela gaineratu du Gorostidik.
Bere aldetik, Agirrek azaldu duenez, gaurko saioan «Fernando bertsolaria» entzungo da. «Fernandok baditu aurpegi bat baino gehiago, eta guk gehiago ezagutu dugu Fernando pertsonaia. Zenbat eta gehiago ezagutu Fernandoren bertsoa, gero eta gehiago konturatzen zara benetako pertsona izan zela, eta ez zela edozein pertsona izan, norbait garrantzitsua izan zela bere garaian». Saiora joaten denak batez ere bertsoak jasoko ditu, esan du Agirrek: «Bertso gehienak bereak izango dira, baina garai hartako beste bertsolari batzuenak ere izango dira».
Aukeraketa egiterakoan saiatu dira garaiko doinuak bilatzen. «Zaila da jakitea bertso horiek zer doinutan abestu ziren, egia esan, ezinezkoa», zehaztu du Agirrek. «Badakigu doinu batzuk lehendik datozela eta beste batzuk berriak direla. Saiatu gara garai hartakoak izan zitezkeen doinuak erabiltzen». Garai hartatik gorde diren bertso asko bederatzi puntuko motzak dira. «Gaur egunean doinu zailena bezala joko genuena», dio Agirrek. «Doinu horretan abesten zuten asko garai hartan. Horrek esan nahi du bertsolari oso onak zirela».


«Urtemuga berezia»

Emanaldiaren ondoren, bertso afaria 21:00etan izango da, paper fabrikako elkartean. «Harituz bertso elkartea ari da hori antolatzen», esan du Gorostidik. «Hasieratik pentsatu genuen oso egokia zela bertso afaria egitea. Beste saioa arratsalde partean ikusten zen, baina pentsatu genuen pena zela horrela uztea. Eta hortik atera zen bertso afaria egitearena». Inguruko bertsolariekin hasi ziren hitz egiten ea zer asmo zuten, eta galdetu zieten afaltzera joateko asmoa zutenak animatuko ote ziren abestera, eta gehienek baiezkoa esan dute. «Beraz seguru bertsolari asko ariko direla afariaren ondoren, hamar inguru izan daitezke».
Gorostidiri aurten antolatu diren hainbat ekitalditan parte hartzea egokitu zaio. Fernandoren urtemuga hau «oso berezia» dela dio, «bai Fernandorentzat eta baita bertsolaritza munduarentzat ere. Fernando eta bere garaikoak izan ziren gaur egungo bertsolaritzaren oinarri. Urte berezia da, eta horrelako herri txiki bat izanik, beharrezkoa da antolatzaileen ekitaldietan parte hartzea eta antolatzea ere».
1801ean Villabonan egin zen bertso norgehiagokaren antzezpenean, Fernandoren rola egitea egokitu zitzaion, eta «oso ondo» moldatu zen: «Fernandoren papera epailearena da, eta ez da erraza, baina nik uste bertsolariena zailagoa izaten dela. Bertso lanak besteek egin zituzten, eta gurea entzutea eta epaitzea izan zen». Jendea «oso gustura» geratu zela dio: «Erantzun aparta izan zuen eta nik uste helburua ere horixe zela, garai hartako bertso saioak nolakoak izan zitezkeen irudikatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!