Amaitu dituzte aurtengo Ugarteko jaiak

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 6a, 15:44

Sagardo dastaketarekin eta Laja eta Mikel trikitilariekin agurtu zituzten atzo  jaiak Ugarten

Ugarten festa giroan ibili dira asteburu osoan zehar. Ostiral iluntzean hasi eta atzo gauean amaitu ziren. Atzo arratsaldeko herri kirol jaialdiak eta ingurutxoak jende ugari bildu zuen, esate baterako.


Ostiralean, kanpaiak eta suziriak izan ziren festak zetoztela iragarri zutenak. Herri afarian auzotar guztiak bildu ziren, eta afal ondorena girotzeko Laja eta Larrañaga trikitilariak izan zituzten. Trikitilarien atsedenaldian, toka lehiaketa ere izan zuten.


Larunbatean, auzoko eta inguruko haur eta gaztetxoak izan ziren protagonista. Goizean, esate baterako, hainbat pilota partida jokatu zituzten. Eguerdian eta arratsaldean, haur eta gaztetxoek puzgarrietan jolasteko aukera izan zuten. Puzgarri bereziak izan zituzten Ugarteko pilotalekuan eta gainera, hainbat jolasetan jolasteko aukera ere izan zuten. Arratsaldean, zadian ibilalditxoak ere egin zituzten. Guzti horretan indarrak gastatu ostean, txokolatea hartu zuten bizkotxoekin indarrak berreskuratzeko asmoz. Gauean, zahagi ardoa egin zuten bertaratu ziren guztien artean, eta gauean Ansorregi eta Larañaga trikitilariak aritu ziren giroa jartzen.


Atzo, mezarekin hasi zuten eguna eta jarraian, txakolin dastaketa eta pintxoak izan zituzten plazan. Arratsaldean, herri kirol saioa izan zen. Harri jasotze lanetan Joseba Esnaola berrobiarra aritu zen, aizkolari lanetan Ugaitz Mugerza eta Aitzol Atutxa aritu ziren. Horrez gain, Enaitz Artola gaztetxoak ere erakustaldi polita eskaini zuen. Ondoren, ohikoa den moduan ingurutxoa ere dantzatu zuten Ugarteko herritarrek. Azkenik, sagardo dastaketarekin eta Laja eta Mikel trikitilariekin eman zieten amaiera aurtengo jaiei.


Akelok Elkartearen zozketa

Atzo iluntzean, sagardo dastaketaren ondoren Akelok Guraso Elkartearen zozketako zenbaki saridunak atera zituzten ohitura den moduan. Nekazalturismoko sariaren irabazlea 691 zenbakidun txartela duena izango da. Afariaren saria, berriz, 781 txartela duenak irabazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!