1801. urteko bertso lehia Amezketan, larunbatean

Asier Imaz 2014ko irailaren 2a

Jaialdi oso berezia antolatu dute irailaren 6an Amezketako plazan, Fernando Amezketarraren 250. urteurrenaren harira. 22:00etan Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze bertsotan ariko dira, Txabolategi eta Zabalaren paperean. ETBk grabatuko du saioa, udazkenean emititzeko.

1801.urtean, Villabonako plazan, bertsolaritzaren historian egindako lehen bertso-lehia antolatu zen. Hernaniko Txabolategi eta Amezketako Zabala bertsolariak jardun ziren nor baino nor. Hamar ontza-urre zeuden jokoan desafio hartan. Esaten denez, 4.000 entzule baino gehiago bildu zituen norgehiagoka hark.
Epaimahai lanetan Aizarnazabalgo sakristaua, Tolosako apaiz bat eta Fernando Amezketarrak egon ziren.
Saio hartan abestu zituzten bertsoak ongi bildurik daude liburuetan.

Jaialdi hura edo antzeko bat berritu nahi dute Amezketan larunbatean. Han izango dira Aizarnazabalgo sakristaua, Tolosako eliz-gizona eta Fernando Amezketarra epaile gisa.
 
Txabalategi eta Zabalaren ordezkoak Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze izango dira. Lehena gogotik dabil plazaz plaza, eta bigarrenak, isilaldi luzea eten nahi izan du Euzkitzek Amezketan eskainiko duten jaialdiarekin.

Ikusmin handia dago bertsozaleen artean Andonik eta Euzkitzek, Euzkitzek eta Andonik eskaini behar dutenaren gainean.

Jantziak oso bereziak eramango dituzte bertsolariek eta epaimahaikoek. Hamar ontza-urreak ere begien bistan egongo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!