Iker Karrera, bigarren Mont Blanc-eko Ultra Trailean

Mikel Iraola 2014ko irailaren 1a

Tòfol Castanyer kataluniarrarekin eskutik helduta sartu zen helmugan amezketarra eta antolakuntzak biei eman zien bigarren postua.

Iker Karrerak Mont Blanc-eko Ultra Trail probako podiumean izatea lortu du bigarrenez. 2011. urtean txapeldunorde izan zen, 20 ordu eta 47 minutuz korrika ibili ostean, eta larunbatean marka hori berdintzea lortu zuen amezketarrak.

Ez zen, gainera, edonolako helmugaratzea izan, izan ere, Tófol Castanyer korrikalari kataluniarrarekin batera iritsi zen eta ez zuten esprinta lehiatu, eskutik helduta egin zituzten azken metroak. 124. kilometroan egin zuten bat bi korrikalariek, Champex de Lac inguruan, eta harrez geroztik elkarrekin egin zuten aurrera.

Helmugarako kilometro gutxiren faltan atzetik zetozten aurkariekiko aldea zabala zela jakin zuten, eta postuari eustearen helburua jarri zioten euren buruari. "Igoeretan nik jartzen nuen erritmoa, eta beheranzkoan, berriz, berak. Hori dela eta, esprinta ez lehiatzea eta batera sartzea erabaki genuen" azaldu du Karrerak.

Pozarren zen amezketarra antolakuntzak bi korrikalariei bigarren postua ematea erabaki zuela jakitean: "Lagun batekin konpartitutako bigarren postuak ez du poza erdibitzen, bikoiztu baizik".

Dena den, lasterketa ez zen erraza izan. Hasieran eguraldia ez zuten lagun izan, eta gaua "gogorra" izan zen. Euriaren eta hezetasunaren ondorioz hanketan babak izan zituen Karrerak: "Lasterketa uzteko gogoa izan nuen behin baino gehiagotan, baina beste bi taldekiderekin nintzen buruan, eta horrek asko lagundu zidan". 2011n ere antzeko egoera bizi izan zuen Karrerak, François D'Hanene, Tòfol Castanyer eta Luis Alberto Hernandorekin lehia izan zuenean. "Oroitzapen politak etorri zitzaizkidan burura eta aurrera egin nuen". Esfortzuak merezi izan zuen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!