Argizaiolei etekin gehiago ateratzea eskatu dute

Asier Imaz 2014ko uzt. 11a, 07:25
Bai Joseba Urretabizkaia argazkilaria eta baita Joxemari Otermin herri-historialaria ere ados daude. Amezketako argizaiolen inguruan zerbait egin beharko litzateke. Orain arteko urratsek jarraipena izan beharko lukete, eta horregatik, uztailaren 18ra bitarte Fernando Amezketarra Kultur Etxean egongo den erakusketa aipatu behar da.

Joseba Urretabizkaia tolosarraren argazkiek osatzen dute erakusketa. Irudi horietan, Amezketako elizan dauden argiolak ikus daitezke. Ez daude denak, izan ere, egun, 120 kontatu dituzte. Aukeraketa egiteko garaian ez dute irizpide zehatzik erabili, polemikarik ez sortzeko.
Urretabizkaiarekin batera Joxemari Otermin aritu da argiolekin lanean. Argazkilariaren esanetan, «laguntza handia izan da, Joxemari entziklopedia txiki bat baita, eta asko erraztu dit lana».
Amezketan altxor «zoragarri» bat dutela dio Joseba Urretabizkaiak: «Egun hainbat herri euren burua saltzen ikusten dituzu, eta bien bitartean, Amezketan izugarrizko ondarea daukate. Egia dena gainera. Gaur egun ia dena gezurra da, esnea adibidez, eta aldiz, Amezketan nortasun izugarria duten argizaiolak dituzte. Euren historia, ohitura eta balore izugarriarekin». Etekin gehiago atera beharko litzaiekela uste du Urretabizkaiak, izan ere, «argiolak ogi bilaka daitezke, pin-ak,... bururatzen den edozer. Euskal Herrian beste inon ez dago horrelako altxorrik».
Horregatik, erakusketa gazteei zabaldu nahi die argazkilariak, euren herrian duten altxorra ikus eta zabal dezaten.
Argazkiak ateratzeko unean, zailtasun handirik ez duela izan esan du Urretabizkaiak; Otermin alboan izan duelako, eta argiolak euren lekuan atera nahi zituelako. «Argizaiolak ohol zahar batzuen gainean daude, eta ohola bera, argazki bat da. Argiolak bertatik ateratzen direla eman du. Hori azaldu nahi izan dugu argazkietan».
Argiolen inguruko elkartea
Erakusketaren inaugurazioan Joxemari Oterminek hitz egin zuen. Herri historialari amezketarrak, argiolen balorea aldarrikatu zuen, eta horren zabalpenean lan egingo lukeen elkarte baten hutsunea nabarmendu zuen, «elizatik eta udaletik at, baina biekin elkarlanean».
Argizaiolei Amezketan argiolak esaten zaie, batez ere adinekoen artean. Orain gutxira arte, baserri bakoitzak berea zuen elizan. Argiolek sendian zendutakoei argia ematea dute helburu, eta ohitura hori belaunaldiz belaunaldi trasmititu da herrian, mendeetan zehar.
XX. mendearen bigarren erdira arte herri askotako elizetan ikus zitezkeen argizaiolak Euskal Herrian. Gaur egun, ordea, elementu hori bizirik mantentzen den herri bakarrenetakoa da Amezketa, nahiz eta azken urteetan beheranzko joera hori nabaritu den. Sua itzali baina indartu egin behar dela dioten proposamenak, behintzat, hor daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!